Schwarzenbruckeko nerabeekin egingo dute elkartrukea: apirilean, Schwarzenbruckera joango dira astebetez, eta Urretxura udazkenean etorriko dira
Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak 46.000 euro lortu ditu Europatik komunitateko 15 nerabek udalerrei dagokien Erasmus+ programan parte hartu ahal dezaten 2025 urtean. Europatik jasoko den diru-laguntzari esker, 14-18 urte bitarteko 15 nerabe 3 hezitzailerekin batera Schwarzenbruckera (Alemania) joateko aukera izango dute apirilean eta astebeteko egonaldia egingo dute bertan, eta Schwarzenbruckeko 15 nerabe etorriko dira udazkenean Urretxura. Astebeteko egonaldian, sormena izango dute ardatz eta langai, baina horrekin batera beste herrialde bat ezagutzeko, bertako adin bereko kideak ezagutzeko eta hizkuntzak eta kulturak lantzeko aukera ere izango dute. Esperientzia honetan parte hartzea doan izango dute hala Urretxuko nola Schwarzenbruckeko nerabeek.
Urretxuko Udalak senide duen Schwarzenbruckekoari proposatu zion parte hartzeko hautagaitza aurkeztea, eta esku zabalik jaso zuen gonbidapena. Era horretara, bi komunitateen artean harremanak sendotu eta egonkortu nahi dituzte, baita askotariko ezagutzak elkartrukatzeko bideak zabaltzeko eta indartzeko ere. Izan ere, elkartrukean zuzenean bateko eta besteko 30 nerabek parte hartuko badute ere, egonaldian zehar komunitate bakoitzeko hainbat pertsona eta eragile kultural, sozial eta ekonomikorekin ere izango dute harremana. Bi udalak dagoeneko lanean dira elkartrukea ahalik eta aberasgarriena izan dadin guztientzat.
Hasiera batean, Sormonaken parte hartzen ari diren 15 nerabek izango dute zuzenean elkartrukean parte hartzeko aukera. Urtarrilaren hasieran landuko dute sormen prozesuan/lehiaketan parte hartzen ari direnekin eta ikastetxeekin gaia, eta, behin taldea zehaztuta, hezitzaileek taldearekin berarekin hainbat lanketa egingo dituzte bateko eta besteko egonaldiak prestatzeko eta Schwarzenbruckeko nerabeekin harremanak online abiarazteko. Sormonaken bezala, gaia ez da ikuspegi artistikotik edota kulturaletik bakarrik landuko, baita gainerako zeinahi esparruetatik ere.