Gazteria

Featured

Zabalik da ‘Sormonak’ nerabeentzako sormen lehiaketa berritzailearen hirugarren aldian parte hartzeko izen emate epea

‘Lauso ala pauso?’. Aurten ere galdera batekin abiatuko da hirugarrenez Sormonak nerabeei zuzendutako sormen prozesuan/lehiaketan. Galdera iradokitzaile horrekin parte hartzea argi ez duten ala aurrekoetan argi izan ez duten nerabeak aktibatu nahi ditu Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak, pausoa eman eta aurkez daitezen. ‘Zer da egin nahi duzuna?’ galdera ere badakar esku-orriak, egin nahi duen hori egiteko aukera eskaintzen baitie Sormonak-ek, sormena artearen eta kulturaren esparruan ez ezik, gainerako esparrutan ere ulertuta. Hala, aurreko bi aldietan askotariko proiektuak aurkeztu eta saritu dituzte.

Sormonak-en hirugarren aldi honetan ere, sormena garatzeak osasunean, ongizatean eta garapenean duen onurez jabetzeko indarra egin nahi du Urretxuko Udalak. Horretaz gainera, nerabezaroaren ikuspegi positiboa ere zabaldu nahi du, ohiko estereotipoei aurre eginez. Aurrekoetan bezala, lehiaketa ere izango da, baina batez ere prozesu bat izango da: parte hartzaileek sortu nahi duten hori garatzeko baliabideak eta inguruko zein Euskal Herriko adituen laguntza izango dute. Lan originalak zein beste lan batzuetan oinarritutakoen bertsioak aurkeztu ahalko dira, zeinahi esparrutakoak: kultura eta arte esparrukoak izan daitezke, baina baita beste esparrutakoak ere. Prozesua bera sariak baino aberasgarriago izan dadin nahi luke Urretxuko Udalak.

Bi berrikuntza oinarrietan

Izen ematea astelehenean, irailaren 29an zabalduta, urriaren 17ra arteko epea izango da ideiak aurkezteko labur.eus/SMNK2025 helbidean. Behin proiektuak aurkeztuta, ideiak aurkeztuta baliabideak eskatzeko epea zabalduko dute urriaren 20tik aurrera, eta, baliabideak eskuratuta, urtarrilaren 16a baino lehen aurkeztu beharko dituzte lanak. Prozesu osoan zehar Gazteria Sailaren laguntza izango dute, eta, behar izatera, baita komunitateko eta kanpoko adituena ere.

Sari banaketa ekitaldia otsailaren 12an egingo, Pagoeta Gune Soziokulturalean, aurten ere. Ekitaldi horretan aurkeztutako lanez gozatzeko aukera izango da. Prozesuan parte hartu duten adituek lanik berezienak hautatuko dituzte egun horretarako lau kategoriatan: banaka, lan original bereziena; taldeka, lan original bereziena; bakarka, lan eratorri bereziena; taldeka, lan eratorri bereziena. Guztiek 200 euroko saria jasoko dute, proiektuari lotutako produktuetan, emanaldietan edota zerbitzuetan baliatzeko, bailaran edota Euskal Herrian.

Parte hartzeko oinarriak aurreko urteetako beretsuak izango dira, baina bi berrikuntzekin: batetik, Adimen Artifiziala baliatuz gero aitortu egin beharko da; bestetik, baliabide materialak behar diren kasuetan, komunitateko saltokietan eskuratu daitezkeen baliabideekin egindako lanak lehenetsiko dira saritzeko eta Erasmus+ programan parte hartzeko.

Erasmus+ programa lantzen

Urretxuko Udaleko Gazteria Saila Erasmus+ programarako proiektua lantzen ari da Wiesbadeneko (Alemania) Udalarekin, aurten Schwarzenbruckekin bezala, datorren urtean Wiesbadeneko nerabe talde batekin elkartrukea egin ahal izan dezaten 15 lagunek. Behin Europako diru-laguntzak esleituta zehaztuko dute hautaketa prozesua nola egingo duten bi udalek.  

 

 

 

Featured

Gazteen ongizate emozionalari buruzko lanketa abiatuko du Urretxuko Udalak, Aldundiarekin elkarlanean

17 eta 24 urte bitarteko gazteei zuzendutako bi tailer eskainiko ditu, lehen fase honetan: ongizate emozionalari buruzko oinarrizko ikastaroa eta antsietateari buruzkoa

Featured

Ostiral honetan, Schwarzenbruckera abiatuko dira 15 nerabe Erasmus+ programaren bitartez

Sormena ez ezik, beste herrialde bat adin bertsuko kideen bitartez ezagutzeko aukera izango dute

Featured

Urretxuko Gazte Bidean nerabe zerbitzuak udaberriko oporretarako egitarauaren berri eman du

Gazte Bidean zerbitzuak egun 221 bazkide ditu, eta iazko azken hiruhilekoan eta aurtengo lehenengoan 2.820 aldiz erabili dute erabiltzaileek zerbitzua

Featured

‘Mugikorrik gabeko arnasguneak’ kanpaina aurkeztu dute Altxa Buruak eta Urretxuko Udaleko Gazteria sailak

Udalaren hainbat kirol, kultur, hezkuntza eta aisialdi eraikinetan hasi badute ere, gainerako zerbitzuei zabalik dago kanpaina

Featured

Urretxuko Udalak 46.000 euro lortu ditu Europatik, 15 neraberekin Erasmus+ elkartrukea garatzeko, 2025ean

Schwarzenbruckeko nerabeekin egingo dute elkartrukea: apirilean, Schwarzenbruckera joango dira astebetez, eta Urretxura udazkenean etorriko dira

Featured

Zabalik da ‘Sormonak’ nerabeentzako sormen lehiaketa berritzailearen bigarren aldian parte hartzeko izen emate epea

Hobekuntzez gainera, berrikuntza nagusi bat ere izango du aurtengoak: partaideek Erasmus+ programan parte hartzeko aukera izango dute, Udala Schwarzenbruckeko Udalarekin batera antolatzen ari den trukean

Featured

Urretxuko Udalak haur eta nerabeen Harrera Eremuaren ondorioak eta aurrera begirako helburuak zehaztu ditu 56 haur eta neraberekin eta ikastetxeetako eta hainbat erakundetako profesionalekin

Egunotan, Aldundiko Euskara eta Gazteria sailetako, Badalabeko, SOS Arrazakeriako eta beste hainbat erakundetako profesionalekin lanean ari da Gazteria Saila, ikasturte berrian ekimen pilotuak abian jartzeko

Featured

Inoizko udako egitaraurik osatuena eta erakargarriena antolatu du nerabeentzat Urretxuko Udalak

11 eta 17 urte bitarteko nerabeek 16 ekintza berezi izango dituzte gozagai ekainaren 24tik uztailaren 18ra bitartean, Gazte Bidean nerabeen zerbitzuaren bidez

Urretxuko udala