Hobekuntzez gainera, berrikuntza nagusi bat ere izango du aurtengoak: partaideek Erasmus+ programan parte hartzeko aukera izango dute, Udala Schwarzenbruckeko Udalarekin batera antolatzen ari den trukean
‘Noraino eramango gaituzte pauso berriek?’ lelopean aurkeztu du Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak Sormonak sormen lehiaketaren bigarren aldia. Era horretara, sormenerako pausoa ematera bultzatu nahi ditu nerabeak udazken honetan ere nerabeak. Iaz izan zuen lehen aldia lehiaketa berritzaileak, eta aurtengo edizioa iaz ikasitakoekin hobetu dute. Besteak beste, izen emate epea ikasturte hasierara aurreratu dute, partaideei sortze prozesurako behar dituzten beharrak garaiz eskaini ahal izateko eta Sormonak Festa otsailean egingo da aurten iazko eta edizio honetako partaideekin.
Hobekuntzez gainera, berrikuntza nagusi bat ere izango du aurtengoak. Urretxuko Udala Schwarzenbruckeko Udalarekin batera Erasmus+ trukea lantzen ari dira. Hala, aurtengo edizioan parte hartuko duten zenbait partaidek, bost bat egunez Alemaniara joateko aukera izango dute udaberrian, Europako laguntzari esker. Bertako nerabeak eta inguruak ezagutzeko aukera ez ezik, sormena lantzeko trukea izango da. Ondoren, Alemaniako nerabe talde bat etorriko da Urretxura.
“Pauso bakar batek leku berri batera eramango gaitu, bide berri batera, urrunago eta gertuago. Pauso berri bakoitzeko beste bat egingo dugu pausoz pauso, sortu nahi dugun bidea eraiki arte”, dio aurtengo mezuak. Bizitzan zehar nerabezaroa da sormena goren izaten den aroa, eta Urretxuko Udalak sormena garatzeko bidea eskaini nahi die aurten ere 14 urtetik (DBH2tik) 18 urtera bitarteko nerabeei, Sormonak lehiaketaren bidez.
Bidelagun
Sormena garatzeak osasunean, ongizatean eta garapenean duen onuretan lagundu nahi die, alegia. Horretaz gainera, nerabezaroaren ikuspegi positiboa ere zabaldu nahi izan du Urretxuko Udalak, ohiko estereotipoei aurre eginez, eta hortik dator izena ere, hormonak eta sormena hitzen arteko nahasketatik. Iaz bezala, lehiaketa ere izango da, baina batez ere prozesu bat izango da: parte hartzaileek sortu nahi duten hori garatzeko baliabideak eta inguruko zein Euskal Herriko adituen laguntza izango dute. Lan originalak zein beste lan batzuetan oinarritutakoen bertsioak aurkeztu ahalko dira, zeinahi esparrutakoak: kultura eta arte esparrukoak izan daitezke, baina baita beste esparrutakoak ere. Prozesua bera sariak baino aberasgarriago izan dadin nahi luke Urretxuko Udalak. Prozesua bukatuta, iazko eta aurtengo parte hartzaileek otsailean euren lanak aurkezteko modua ere izango dute Sormonak Festaren bidez.
Izen ematea hilaren 23ra arte izango da zabalik (labur.eus/GjQVm). Urretxuarrek eta Urretxu zein Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten nerabeek parte hartu ahalko dute, taldean edota bakarka. Izen ematean bakoitzak bere proiektua zehaztu beharko du, eta aurkezten diren proiektuen araberako adituak eta baliabideak eskainiko zaizkie.
Sari banaketa ekitaldia urtarrilaren 16an izango da. Prozesuan parte hartu duten adituek lanik berezienak hautatuko dituzte lau kategoriatan: banaka, lan original bereziena; taldeka, lan original bereziena; bakarka, lan eratorri bereziena; taldeka, lan eratorri bereziena. Guztiek 200 euroko saria jasoko dute, proiektuari lotutako produktuetan, emanaldietan edota zerbitzuetan baliatzeko, bailaran edota Euskal Herrian.