Egunotan, Aldundiko Euskara eta Gazteria sailetako, Badalabeko, SOS Arrazakeriako eta beste hainbat erakundetako profesionalekin lanean ari da Gazteria Saila, ikasturte berrian ekimen pilotuak abian jartzeko
2023-2024 ikasturtearen hasieran ikastetxeetako profesionalek etorri berriekiko kezka adierazi zieten Urretxuko Udalari, eta Gazteria Sailak heldu zion gaiari. Otsailera bitartean prozesua diseinatzen jardun ondoren, otsailetik ekainaren azkenera arte lehen bi faseak garatu ditu. Lehenean, ikastetxez ikastetxe etorri berri izandakoengandik eta euren kide diren autoknoengandik euren sentipenak, ikuspegiak eta bizipenak jaso dituzte. Horretaz gainera, ikastetxe bakoitzean harreraz arduratzen diren profesionalekin ere elkarrizketak egin dituzte.
Bigarren fasean, ikastetxez ikastetxe berriz, 56 haur eta nerabeei lehen fasean jasotakoak itzuli dizkiete eta ondorioak eta aurrera begirako helburuak eta ekintza aukerak landu dituzte. Profesionalek ere lanketa bera egin dute, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko Gaztematika sareko, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiko eta SOS Arrazakeriako arduradunak eta adituak batu zaizkie lanketara. Aniztasun Sailarekin elkarlanean garatu ditu Gazteria Sailak lehen bi faseak. Emaitzak txosten batean jaso dituzte, komunitatearekin konpartitzeko eta elkarrekin aurrera begirakoak zehazteko lagungarri izan dadin.
Ondorioen artean jaso dira, prozesuak etorri berriak nola bizi diren ezagutzeko balio izan duela jaso dute, informazio hori eurengandik jasota. Babes handiagorako eta bazterketa ekiditeko espazioak eta laguntza behar dute. Aldi berean, etorri berri izandakoek etorri zireneko emozioez galdetuta, urduritasuna, kezka, astindua, tristura, antsietatea, nahasmendua eta haserrea izan dira gehien errepikatu direnak, eta profesionalek ikusten dute badela horiek iraultzeko ezintasuna eurengandik. Harrera sozialagoaren beharra, profesionalez haragokoa, ere ondorioztatu dute partaideek, komunitateko pertsonen, erakundeen eta eragileen sare lanean eta diziplinartekotasunean oinarrituko dena.
Harrera herri izatea
Helburuei dagokienez, epe laburrekoen artean daude harrerarako irizpideak ezartzea eta harrera adinkideen eta herrikideen artekoa izatea neurri handi batean, prozesua horren estresagarria ez izateko eta eroso eta ikasteko gogoz senti daitezen. Epe laburreko beste helburuetako bi dira harrera linguistikoa lantzea, euskaraz ikasteko baliabide gehiago eta eraginkorragoak izatea, eta gauza bera garapen akademikoan ere. Izan ere, hori izan dute etorri berri izandakoek eta hezkuntzako profesionalek adierazitako beste kezketako bat.
Epe ertaineko helburuen artean, aldiz, emozioen eta doluaren kudeaketarako bideak eta sareak osatzea eta harremanak zaintzea eta identitate osasuntsuak lantzea daude. Epe luzerako helburuen artean, ostera, integrazioa, elkarbizitza, aniztasuna altxor gisa barneratzea eta aukera berdintasuna erdiestea zehaztu dituzte haurrek, nerabeek zein profesionalek. Finean, epe luzera Urretxu harrera herri izatea nahi lukete.
Ekimen pilotuak, ikasturte berrian
Ondorioetan eta helburuetan oinarrituta, datozen egunotan ikasturte berrirako ekimen pilotuak zehazteko hainbat aditu eta erakunderekin lan-saioak egiten ari da Gazteria Saila. Asteazkenean, Errenterian izango da Badalaben eta, ostegunean, Aldundiko Gaztematika sareko adituekin ere bilduko da lanerako. Orain arte prozesuan parte hartu duten gainerako eta beste erakunde batzuekin ere bilduko da datozen bi asteetan zehar, eta elkarlanerako aukerak ere landuko ditu batzuekin zein besteekin. Irailaren hasieran aurkeztuko die landutakoa hezkuntza komunitateko profesionalei eta komunitateari, ekarpenak jaso, eta, egoki ikusiz gero, ekimen pilotuak elkarlanean abian jartzeko.
Inork ekarpenik edo informazio zabalagoa behar izatera Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. eta 943038088 telefonora deituta gustura entzungo eta erantzungo zaio.