Altxa Buruakek, Urretxuko Udalak eta BiTarteanek elkarlanean garatutako ekimena da, haurren eta nerabeen artean mugikorren erabilera osasuntsua eta mugikorrak edukitzeko adina atzeratzea sustatu nahi dute
‘Geurea erabil dezakezu’ ekimenak komunitateko 32 saltokietako eta zerbitzuetako telefono jarriko ditu haurren eta nerabeen eskura, mugikorren erabilera osasuntsua eta mugikorra edukitzea atzeratzea sustatzeko. Altxa Buruak, Urretxuko Udala eta BiTartean merkatarien elkarteak elkarlanean ondutako ekimena da. Maialen Fidalgo Herritarren Batzordeko zinegotziak, Nerea Mendizabal Julita Mertzeriako jabeak eta Maitane Ormazabal terapeutak eta gaian adituak hartu dute hitza ekimenaren aurkezpenean, gurasoen, dendarien eta ikastetxeetako ordezkarien artean.
Haurrek eta nerabeek BiTarteaneko 27 saltokitako eta zerbitzuetako telefonoak baliatu ahal izango dituzte. Hauek dira: Itxura, Josune janari-denda, Goilore, Ormazabal bitxi-denda, Kizkur, AM Mertzeria, Xarmanki, Kotoi paper-denda, Oreka aholkularitza, Lanbroa belar-denda, Zerki, Bidegorri, Stylo Gorane Dominguez, Urrats podologia, Julita mertzeria, Ur. Leire Santillan, Ibaiondo 05 lan espazioa, Opticalia, Argizti optika, Doss, Inaxio, Milar Lagun, Arku, Amane, Baby, Panpox ileapaindegia eta Bi-Tartean Elkartearen egoitza. Urretxuko Udalaren eraikinak hauek dira: udaletxeko harrera, Gazte Bidean, kultur etxea, liburutegia eta kiroldegia. Guztiek bereizgarria izango dute atean. Gainerako saltoki eta zerbitzuak ekimenera gonbidatu dituzte. Horretarako: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzi ala 943038088 telefonora deitu beharko dute.
Telefonoa baliatzeko, baliatuko duenak bere burua aurkeztuko du; errespetuz eskatu beharko dio telefonoa baliatzeko aukera; nori deitu nahi dion zehaztu beharko dio deitu aurretik; gurasoetako/tutoreetako bat izan beharko da edota une horretan haurraren ala nerabearen ardura duen pertsona; telefonoaren jabeak deituko du, eta hartzaileari egoera azalduko dio; haurrak ala nerabeak jarraitu ahalko du deia; modu neurritsuan erabili beharko da; deia telefonoaren jabearen aurrean egin beharko da une oro; behin deia eginda oinarrizko datuak (adina eta sexua) jasoko ditu telefonoaren jabeak, ekimenaren sustatzaileek datuak izan ditzaten; eta aukera eskertu egin beharko dio telefonoaren jabeari.
Ekimen "garrantzitsua"
Maialen Fidalgo Herritarren Batzordeko zinegotziak eskerrak eman dizkie ekimeneko partaideei eta zera azaldu du: “Haur eta nerabeen eta eurentzako komunitate sortzailea, hezitzailea eta parte hartzailea izatea dira Urretxuko Udaleko Gazteria Sailaren ardatzetako hiru, eta ekimen honek hiru ardatz horiei erantzuten die: aukera sortzailea izanda, hezitzailea izanda eta elkarlanean parte hartzailea izanda”.
Nerea Mendizabal BiTarteaneko kideak, aldiz, aipatu du begi onez eta esker onez jaso dutela ekimenean parte hartzeko gonbidapena, komunitatean duten indarra eta eragina aitortzen dielako. “BiTarteaneko kideok Merkatarien Egunaren harira Elkarrekin, aukeran onena leloa sortu dugu. Honetan ere, elkarrekin aritzea dela aukerarik onena uste dugu, eta, aldi berean, elkarrekin arituta eskaini genezakeela gure haur eta nerabeentzat onena ere. Hala, ekimen honen bitartez, behar dutenetarako gure denda eta zerbitzuetako telefonoak euren eskura jarriko ditugu komunitatearen, komunitateko haurren eta nerabeen ongizateari ekarpena egiteko. Ohi bezala, dendetako eta zerbitzuetako ateak zabalik dituzue, baita geure telefonoak erabili ahal izateko ere” erantsi du.
Maitane Ormazabal terapeutak eta adituak, aldiz, arazoa ez dela haurrena ala nerabeena bakarrik, komunitatearena dela nabarmendu du, eta hargatik, ekimen hau "bereziki garrantzitsua" dela esan du, gaia gizarteratu eta neurriak eskaintzen dituelako.