Egun arte, guztira 56 haur eta nerabek eta 19 profesionalek hartu dute parte prozesuan
2023-2024 ikasturtearen hasieran, hezkuntzako hainbat profesionalek etorri berriei harrera egokirik eskaini ezinak eragindako kezka azalarazita, Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak heldu dio gaiari. Harrera Protokolo bat zehaztea izan zen lehen ideia, baina irizpide eta lan-tresna zurrunegia izan zitekeela-eta eta garapenean parte hartzea bermatu zezan, ‘eremu’ bat jorratu nahi izan du, Harrera eremua: hasieratik bertatik, hezkuntza komunitate osoak landuko duten lur bizi, bizigarria eta moldagarria.
Hori guztia Gizarte Zerbitzuetako Aniztasun eta Bizikidetza Sailarekin koordinatzen ari da, eta prozesuak zein garapenak parte hartzea dute oinarri. Parte hartze saioak Urretxu eta Zumarragako ikastetxe guztietan egin dira. Parte hartu duten etorri berri izandakoak eta autoktonoak Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHko 4. mailara bitartekoak izan dira. 56 haur eta nerabek hartu dute saioetan parte. Saiook sailetako teknikariek dinamizatu dituzte.
Aurrera ere, parte hartze bidez
Parte hartze saioek emandakoak txosten batean jasota, profesionalekin eta haur eta nerabeekin lantzen ari dira ondorioak, Harrera eremua-k izan beharko lituzkeen helburuak eta aurrera begirakoak ere. Asteartean izan zen profesionalen parte hartze saioa eta bertan izan ziren komunitateko ikastetxeetako ordezkariak, Urretxuko Udaleko Maialen Fidalgo Herritarren Batzordeko zinegotzia, Gizarte Zerbitzuetako koordinatzailea, Gazteria, Euskara eta Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak eta Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiko, Aldundiko Gaztematika haur, nerabeen eta gazteen zerbitzuko eta SOS Arrazakeriako ordezkariak. Maiatzean izango da haur eta nerabeen parte hartze saioa ere horiek lantzeko. Ondoren aurkeztuko dituzte guztiek Harrera eremua-ren ibilbidea datorren ikasturtean.