Urretxu Zumarraga Ikastolako gaztetxoak izan dira Udaletxean, Udal batek nola funtzionatzen duen ikasten eta euren kezka eta proposamenak partekatzen.
Urretxuko Udalak urteak daramatza Nerabeekin lanean. 2011n Gaztebidean aisialdi-zerbitzua jarri zuen martxan eta hamar urte beranduago, 2021ean Urretxu Piztu Gazte Mahaia eratu zuen, gero etorriko zen “Urretxuko Gazteria plana 2022-2025” ren oinarria izango zena; nerabeen kezkak ezagutzeko eta haiei irtenbidea emateko, eta zuzenean eurekin elkarlanean aritzeko.
Erronka garbia zen: Udalak gazteak gertutik entzutea eta gazteek Udala barrutik ezagutzea, elkarrekin proiektu berriak sortu ahal izateko.
Erronka horri erantzun nahian lanketa sakona egin du Urretxuko Piztu Gazte Mahaiak eta atzo goizean, lanketa hori praktikara eraman zuten: Urretxu Zumarragako 3. eta 4. DBHko Ikastolako Gazteak Udaletxean izan ziren, gazteria teknikariarekin eta Alkatearekin, Udala eta Udal barruko funtzionamendua ezagutzen.
Horretarako, hainbat dinamika egin zituzten, Udalaren funtzionamenduaren ingurukoak, eta gero zinegotziaren eskutik, Udalaren egunerokotasunaren inguruko azalpenak entzun eta galdera eta proposamen interesgarriak planteatu zituzten.