Eurek proposatutako proiektua Pagoeta Gune Soziokulturalerako gazteentzako ekintzak eta ekitaldiak izango da, eta, Urretxuko Udalak proposatutakoa, berriz, Gazte Bidean zerbitzua eurenganatzea
Piztu Gazte Mahaiko partaideak Jon Luqui Albisua Urretxuko alkatearekin eta Maialen Fidalgo Mendizabal Herritarren Batzordeko zinegotziarekin elkartu dira gaur, abenduaren 15a, ostirala, ikasturte honetan garatuko dituzten bi proiektuak aurkezteko eta adosteko. Udaletxeko osoko bilkuren aretoan bildu dira, eta proiektuak adostu ondoren, komunikabideen bitartez komunitateari aurkeztu dizkiete proiektuak.
Eurek euren ikaskideekin elkarlanean zehaztu dute proiektuetako bat: Pagoeta Gune Soziokulturalean gazteentzako ekintzak eta ekitaldiak antolatzea. Urretxuko Udaleko Gazteria Sailak proposatu die bestea: Gazte Bidean eurenganatzeko estrategia eta ekintzak zehaztea, ikusita zerbitzua baliatzen dutenen artean gutxiago direla DBH 3 eta 4koak. Golden diskoteka berriz zabaltzea ere izan da proposamenetako bat, baina bideragarritasuna eta urtarriletik ekainera bitarteko proiektua behar duela aintzat hartuta, albo batera utzi dute aho batez.
Urriko eta azaroko saioetan egin dute proiektuen azterketa eta aukeraketa, eta gaur komunitateari aurkeztuta, urtarrilean ekingo diote ekainera bitartean proiektuak garatzeko lanari. Hala, Piztu Gazte Mahaiak hilez hile bi proiektuei lotutako ekimenak garatuko ditu bai euren kideekin batera egin eta gozatzekoak, baita gazteei eta komunitateari zuzendutakoak ere. Gainera, oraina arteko parte hartze saioak Gazteria teknikariak eta Gazte Bideaneko koordinatzaileak gidatu badituzte ere, hemendik aurrerakoak eurek antolatuko eta gidatuko dituzte txandaka, hilero hiru kidek. Parte hartzea erabatekoa izango da, beraz. Saioetan landutakoak ikaskideekin partekatzen eta osatzen segiko dute nork bere ikastetxean.
Piztu Gazte Mahaia DBH 3 eta 4 ikas-mailetako JMI institutuko, UZ ikastolako eta La Salleko 20 partaidek osatzen dute. Helburu hauek ditu: nerabeen herritartasun aktiboa; nerabeek euren kezkak hausnartzea, detektatzea eta gainditzeko ala garatzeko bideak lantzea eta urratzea; udalak nerabeez dituen kezkak eta desafioak eurekin partekatzea; eta udaleko sail guztietan nerabeak komunitateko kide oso gisa aintzat hartzea.