Patata tortilla kozinatu beharko dute 52 gazteek, Ederrena pilotalekuan
JM Iparragirre Institutuko, Urretxu Zumarraga Ikastolako eta La Salle ikastetxeko DBH3 eta DBH4ko 13 talde ariko dira PIZTU GAZTE MAHAIAk ostiral honetarako antolatu duen sukaldaritza lehiaketan. Patata tortilla kozinatu beharko da, 17:30etatik aurrera, Ederrena pilotalekuan. Lauko taldetan, ordubeteko epea izango dute patata tortilla kozinatzeko. Urretxuko Udalak arrautzak, patatak, kipulak, piperrak, gatza eta olia banatuko ditu, eta suak, amantalak eta zapiak ere utziko dizkie parte hartzaileei. Parte hartzaileek, ostera, kozinatzeko tresnak eraman beharko dituzte: zartagiak, aiztoak, sardeskak, platerak, koilarak eta bestelakoak.
Urretxuko Navarro eta Etxe-Azpi jatetxeetako eta Buenbokadoko sukaldariak izango dira epaile. Irabazleak 250 euro eta diploma jasoko ditu; bigarrenak, 200 euro eta diploma eta hirugarrenak 150 euro eta diploma. Irabazitako dirua ikastetxeei emango zaie irabazleen ikasbidaia edota haiekin lotura duten bestelako ospakizun ekintzak ordaintzeko. Behin sariak bukatuta, talde guztiei ogia eta edariak banatuko dizkie Gaztebideanek egindako tortillak bertan jan ahal izateko.