Datorren Maiatzaren 22an eta 23an Gainzuriko eta Ikastolako 3-4 urteko haurrek zirkulazioaren oinarrizko kontzeptuak landuko dituzte Urretxuko Udaltzainen eskutik.
Ekimena 2013an jarri zen martxan, eta Urretxuko Ikastetxeen eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanaren ondorioa izan zen. Herriko haurrek kalean seguru ibiltzeko eta istripurik ez eragiteko, edo sortzen direnean ekiditeko, behar bat somatu zuten ikastetxeek zein Udaltzainek; beraz, elkarrekin ikastaro labur eta praktiko bat diseinatzeari ekin zioten.
Hala, 2013ko udaberrian, lehenbizikoz, 3 urteko haurrei- azalduko ziren kontzeptuak bereganatzeko gutxieneko adina, edo egokiena, hori zela adostu baitzuten- errepideen inguruko eta zirkulaziorako oinarrizko kontzeptuak irakasteko ekimena jarri zuten abian; ikastaro labur eta arina, azalpenak eta praktika uztartuko zituena.
Orduz geroztik, ehundaka haur igaro dira Udaletxeko portaloitik, bertan ikasi dituzte errepidea, espaloia eta jolasgunea desberdintzeko irizpideak, espazio bakoitzaren funtzioak, bakoitzean nola jardun behar duten; zebra-bideak nola zeharkatu behar dituzten, udaltzainen keinuek zer esan nahi duten, seinale garrantzitsuenen edo ohikoenen esanahia, etab.
Aitzinean aipatu moduan, saio teoriko-praktikoak dira, 3-4 urteko haurrei zuzendutakoak eta haientzat espreski pentsatutakoak; ordubeteko iraupena izaten dute eta aspertzeko betarik ez diete ematen umeei. Portaloian errepide bat irudikatu dute, zebra-bide eta guzti, haurrek aukera izan dezaten gidarien, udaltzainen edo zebra-bidea igarotzera doan pertsonaren rola hartzeko, ikasgaia modu praktiko eta dibertigarrian barneratzeko.
Lanketa sinple baina eraginkor honek, ikasleei oinarrizko irizpideak erakusteaz gain, Udaletxea eta Udaltzaingoaren lana umeei hurbiltzeko aukera eskaintzen du, gainera Udaltzaingoaren hitzetan “emaitza onak eman ohi ditu ikastaroak, haurrei oinarrizko kontzeptuak erakutsi bakarrik ez, eurengan jakinmina ere pizten baitu praktika honek; galderak egiten dituzte, interes handia agertu ohi dute, eta batek baino gehiagok, gero kalean ere agurtu ohi gaitu”.
Etorkizunera begira, lanketarekin jarraitzeko asmoa agertu dute, garai, egoera eta araudia berriei egokituta, orain arte egin duten moduan.