4/2021 Dekretuak, urtarrilaren 22koak,lehendakariarenak, ezartzen dituen neurri berriak:
1. Bizilekua duten udalerriko barruti bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera mugatzen da, baita lurralde arteko mugikortasuna eta Euskal Autonomia Erkidegoan sartzeko eta ateratzeko aukera ere; ondorengo salbuespenekin:
- Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.
- Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.
- Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.
- Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.
- Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki kalteberei laguntza eta zaintza ematea.
- Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.
- Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko jarduketak (errekerituak edo presakoak).
- Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.
- Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.
- Ezinbesteko kausa edo premia-egoera dela eta.
- Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua
* Artikulu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, hemen aurkituko duzuna.
2. Gehienez ere 4 pertsona elkartu ahal izango dira espazio publiko zein pribatuetan, salbu eta bizikideak badira.
3. Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.