Urretxuko Udalak bere Aniztasun Jaia, maiatzaren 24an, larunbatean, ospatuko du, Gernikako Arbola Plazan, goizeko 10tik arratsaldeko 16ak bitartean.
Ekitaldi honen helburu nagusia da Urretxun elkarrekin bizi diren aniztasun guztiak ospatzea. Ez hori bakarrik, festaren bitartez Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia ezagutzera eman nahi du Udalak, urte osoan isilpean lanean aritzen diren norbanako, kolektibo eta elkarteek osatzen duten lan-mahaia. Bertan antolatzen dira maiatzaren hogeita laukoa bezalako festak, baina baita lanketa sakonagoak ere.
Festara bueltatuz, aipatu, jaiak aukera emango diela Urretxuarrei aniztasun ezberdinak ezagutzeko eta ospatzeko. Izan ere, aniztasun horiek ospatu beharreko zerbait direla ulertzen dugu – argitu dute Udaletik- aniztasunak dira herri bat aberats egiten dutenak, eta hori poztekoa da. Halako ekintzek, gainera, elkar ezagutzeko eta aurreiritziak gainditzeko aukera bikaina dira.
Aurten, antolaketa prozesuari eta ikuspegi komunitarioari garrantzia eman zaio eta arropak birziklatu eta margotuz, kolorez eta alaitasunez beteriko talde ekintza bat prestatuko dute antolaketan parte hartzen ari diren herritarrek.
Bestalde, iaz bezala, jaian, herrialde ezberdinetako jakiak dastatzeaz, musika ikuskizunaz eta komunitateko elkarteek antolatzen dituzten ekintzetaz harago, jaira gerturatzen direnek henna, txirikordak, djembe eta dantza afrikar tailerrak egiteko aukera izango dute.