Urretxuko Udalak 326.000 euroko kreditu aldaketa baten berri eman zuen ekainaren 21eko osoko bilkuran, diruzaintzako gerakinetik datorren kopurua.
Kreditu aldaketa honen helburua 19 jarduketa gauzatzea da, gehienetan aurreikusitakoak, baina diru gehiago behar dutenak, eta beste kasu batzuetan, ustekabekoei edo aukerako obrei aurre egiteko.
Alde horretatik, nabarmena da bere pisuagatik (aldaketa guztiaren %21,48), abokatu eta prokuradoreentzako ordainsarien diru-partidaren igoera, 70.000 euro, aurreko legealditik datozen auzien ondorioz Udalak aurten aurrean dituen auziak direla eta. Horietako bat, Urretxu 2020 udal sozietateko arduradun ekonomiko finantzariaren aurkako zenbatekoaren erreklamazioagatik, hain zuzen ere 11.050,80 euroko erreklamazioa, izan ere ez baitu aurrera egin, eta zenbateko hori ez jasotzeaz gain, Udalak 9.000 euro ordaindu beharko ditu judizio kostuengatik. Beste auzia, ordainsariei dagokienez dezente garrantzitsuagoa, Pagoetan kokatutako hotelaren lehengo jabeekiko 4 milioi euro inguruko ondare erreklamazioari dagokion auziaren ondorioa da. Oraingoan bai, Udala irabazle suertatu da lehen auzialdian, nahiz eta sententzia errekurritua izan den, eta beraz, ziurgabetasun egoera hortxe dago oraindik.
Bestalde, aldaketaren beste partida garrantzitsu bat (%14,88) Pagoetako aita pasiotarren eraikuntzaren ordainketari dagokiona da. 48.512,28 euroko kopurua uda honetan ordainduko da, eskriturak sinatutakoan.
Kreditu aldaketa honek herriko hainbat tokitan inbertsioak egiteko diru partidak haunditzea ahalbidetzen du: Ederrena pilotalekuko aldaketa eta komunak berrituko dira; 33.000 euroko dirutza zegoen lehendik eta beste 30.000 euro gehiago jarriko da; etxe orratzaren azpian, elkarteen ondoko plazatxoaren lur zorua konponduko da, baita ere Kalerrotatik gune horretara daraman eskailera; 20.000 eurotik 55.000 eurora igoko da partida; Iparragirre Institutuaren eta Mundo Mejor auzoaren tartean dagoen udal titularitzapeko zelaian kokaturik dagoen saneamendu sarea konpontzeko partida haunditu da, aipatutako auzoko bizilagunek behin eta berriro eskatutako jarduketa; eta auzoetan lanak egiteko partida orokorra haunditu da, 53.000 euroko kopururaino, honako hauetan erabiltzeko: oinezkoentzako pasabide altxatuak, zabor-ontzien guneak egokitzea, Goldeneko plazako eta Sorgintzuloko aparkalekuak egokitzea, e.a…
Gizarte Ekimeneko Departamenturako beste diru partida batzuk ere haunditu dira: aniztasuna eta bizikidetza (4.500 euro), familian esku-hartzea (6.000 euro), gizarte larrialdiko etxebizitza egokitzea (1.500 euro), nerabeentzako adikzio-prebentziorako plana (2.000 euro) eta prebentzio programak (5.000 euro).
Sarraldeko musika entseguetarako lokalen proiektua martxan jartzeko eta kudeatzeko jarduketak 25.000 euro gehiago izango ditu, Urretxu eta Zumarragako udalen artean erdibana ordaintzekoa. Urretxuko alkateak aditzera eman zuen obra multzoa martxan dagoela, bai ingurumenaren aldetik, bai beste gauzen exekuzioan: kontenedoreen egokitzapena, komunak, sarbideak, e.a… Alde horretatik, bi udalen arteko harremanak arautuko dituen lankidetza hitzarmena onartu zuen Udalbatzak aho batez, eta horren arabera, Urretxuko Udalak, kokalekuaren jabe den aldetik, bere gain hartuko ditu proiektu teknikoaren idazketa eta gainbegiraketa, diru-laguntzen edo babes ekonomikoen eskaera, baita ere proiektu osoaren kontrola, gainbegiraketa eta kitapen ekonomikoa.
Azkenik, kreditu aldaketa honetan sortu berriak diren partidak daude; besteak beste, Labeaga-Ipeñarrieta bidegurutzea egokitzearen kitapena (10.500 euro zubia margotzea eta autobusaren markesina), Sarraldeko ingurumen-garbiketa (10.000 euro), Jose Mari Iparragirreren estatua eta ingurua berritzea (10.000 euro), Zumarragako Escuelas Legazpi – La Salle Elkartearekiko lankidetza hitzarmena (10.000 euro) eta igerilekuko ur-ontzia berritzeko exekuzio proiektua (18.600 euro), beti ere Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Diputatu den Denis Itxasok agindutako laguntza ekonomikoaren zain.
EH Bilduko bozeramaile Oihane Zabaletak hausnarketa bat eskatu zuen, “aurrez aurreikusi litezkeen partidak daudelako”, gobernu taldearen planteamenduarekin ados dagoela esan bazuen ere. Bestalde, EAJ-PNV-ko bozeramaile Itziar Agirrek azaldu zuen “gastu gehienak aurreikusita zeudela, baina abenduan aurreikusitako hasierako aurrekontuak doitu egin direla”; Jon Luqui alkateak gaineratu zuen “aukerak sortzen direla, esaterako elkarteetako plazaren konponketa edo Iparragirreren estatua konpontzea, gehiago itxaron gabe oraintxe bertan egin ditzakegunak. Gainera, lan edo jarduketa batzuk, aurten egiten badira, diru-laguntzak jasoko dituzte Foru Aldunditik edo Eusko Jaurlaritzatik”.