Arteria proiektua gizarte berrikuntzako ekimena da, artea eta giza eskubideak uztartuaz gizarte eraldaketa sustatu nahi duena. Aurkezpena egin da Urretxuko udaletxean.
2016an jaiotako Arteria proiektua 2020 urtearen inguruan hasi zen errealitate bihurtzen gure eskualdean, sormen lantegi modura, herriko zein eskualde hauetako sortzaileei eta hauen lanari ikusgarritasuna emateko helburuarekin: lan aukerak sortzea, sortzaileek eta gizarte/kultur eragileen arteko elkarlana erraztea …
Gainera, proiektua gizarte berrikuntzako ekimena da, artea eta giza eskubideak uztartuaz gizarte eraldaketa sustatu nahi duena.
Urretxuko Udalak konfiantza osoa jarri zuen proiektu honetan eta hasiera-hasieratik eskaini dio erabateko babesa. Ordutik, bost urte hauetako lankidetzan, hainbat izan dira elkarrekin jorratutako lan-ildoak, nagusienetakoa dirulaguntzena izanik: arte eszenikoak, arte plastikoak, ikus entzunezkoak, bertsolaritza, literatura, moda, sukaldaritza eta beste hainbat disziplinetan aritzen diren sortzaileei eskainitako diru-laguntzak eta sormen-aukerak.
Kultura bitartekari eta gizartearen eraldaketa jomuga izanik, 2023ko deialdia inklusibitatearen aldekoa izan zen eta halaxe ikusi ahal izan genuen 2023ko Santa Lutzi egunean Urretxun Itziar de la Granjaren “Zumezko aterkia” lanean, sorkuntza kolektibo inklusiboaz baliatuz, aniztasunaren eta inklusioaren sinboloa zen aterkia.
Herritarrak Artearen eta Giza Eskubideen inguruan bilduaz, eta praktika kulturaletatik abiatuta, eta gizartearen beharrak oinarri, abian jarri zen 2024ko dirulaguntzen deialdia, gaia “Nahigabeko bakardadeak eta buru osasuna” izanik. Proiektu irabazlea 3 arte disziplina desberdinetako 3 sortzaileena izan zen: Marta Lopez De Gaunak, Andoni Salamerok eta Gorka Larrañagak aurkeztutako “IZANAREN ARTEA”. Gizakiak IZATEKO behar duen guztia bere baitan duela abiapuntu hartuta sortu dute lana eta berarekin sentitzeko bide bat proposatu nahi dute, ikuslegoa inplikatuz. Dagoeneko sortze lanean ari dira, hilabetotan eta baita otsailean ere, Urretxuko kultur etxean eta irrikaz itxoingo diogu emaitzari.