Aurtengo San Martin Jaian, azken urteotan bezalaxe, auzotarrez gain, Herri Kirol taldekoak ere bertan izango ditugu. Gure herri kirolak berreskuratu eta ezagutzera emango dituzte gerturatzen diren haur eta helduen artean.
1976 urtean hasi zen Urretxuko San Martin auzoko bizilagun talde bat San Martin auzoan pintxo dastaketa eta jolasak antolatzen. Urteen poderioz, eta Udalaren laguntzarekin, ekimena indarra hartzen joan da, toki aldaketa zenbait ere izan ditu, baina usadioak bizirik darrai, eta San Martindarren auzo izaerak ere bai. Hala, ilusio berdinarekin jarraitzen dute festa antolatzen eta ospatzen.
Ekintza guztiak Iparragirre plazan izango dira. Arratsaldeko 17:00etan, haurrentzako jolasak hasiko dira; txokolatea ere eskainiko diete auzotarrei eta opari eta sariak izango dira parte hartzaileentzat.
18:00ak inguruan, eta Urretxu Zumarragako Herri kirol taldeak antolatuta, Herri Kirol erakustaldia egongo da toki berean, karpan, bertaratzen direnek kirol ezberdinak ezagutu eta gozatzeko aukera izan dezaten.
Amaieran, 19:00ak inguruan odolki pintxo dastaketa hasiko da eta 19:30 aldera Iparragirre Balerdi Musika Tailerraren eta Lizarriturri txistulari taldearen kalejirei hasiera emango zaie. Hauek 20:30 inguruan San Martin auzoan eskainiko dute bere musika eta gero Iparragirre plazara gerturatuko dira.
Aipatu, gainera, arratsalde osoan zehar boletoak salduko direla 21:00etan egingo den zozketarako. Zozkatuko dena bi urdaiazpiko izango dira eta jasotako dirua, berriz, elikagai bankuarentzat izango da.
Zozketarekin emango diogu amaiera San Martin eguneko ekintzei eta, ohitura den bezala, eguna amaitzeko kuadrilak txoko eta jatetxeetan elkartuko dira afaltzeko.