Otsailaren 25ean, larunbata, Pagoeta Gune Soziokulturalean Leagueko of Legends Superligan dagoen euskal talde bakarraren aurkezpena izango da. Kirol elektronikoen edo E-sport zaletuen artean bideojoko ezagunenetakoa da League of Legends, LOL.
Urretxuko Udalak, PIZTU GAZTE MAHAIAk, Bisons Clubek eta Euskaltel Fundazioak antolatu dute ekitaldia.
DENETIK IZANGO DA JARDUNALDIAN
Aurkezpenera bertaratzen direnek — sarrera librea eta doakoa izango da —, taldearen aurkezpen ofizialaz gain, E-Sports direlakoei eskainitako jardunaldi oso batez gozatzeko aukera izango dute. Ekitaldia arratsaldeko 16:00tan hasiko da, Pagoetako eliza zaharrean. Bertan, Bisons taldekoek opariak banatuko dituzte eta hamaika bideojoko eta pantailez gozatzeko aukera ere izango da.
16:30ean, sorpresa baten ondoren, lehen ARAM txapelketa izango da, non jokalari profesionalek zaleen aurka jokatuko duten. Partida hori pantaila erraldoian eskainiko da, bertan dauden guztiek ikusteko aukera izan dezaten.
17:00etan, txapelketa amaitutakoan, lehen hitzaldia hasiko da, “Bisons ¿Qué es? ¿Cómo nació? Caso de éxito.” izenburupean. Hitzaldi interesgarria bai E-Sports zaleentzat, kirol elektronikoen mundua ezagutzen ez dutenentzat edo mundu horrekiko jakin-mina dutenentzat. Bisonsen kasua — sortu zen bezala, liga profesionalerako jauzia, etab. — gertutik ezagutu ahal izango dute, baita komunikazioak mundu honetan duen garrantzia ere.
Bigarren hitzaldia 18:00etan izango da eta klubeko entrenatzaileek eskainiko dute. Bertan alderdi teknikoagoak jorratuko dituzte, hala nola estrategiak eta joko-metodologia, lehiaketetan aritzen diren eta konpetizioa gustuko duten pertsona guztientzat, mundu fisikoan zein birtualean.
Azkenik, 19:00etan, txapelketaren final handia ospatuko da, talde profesionalaren eta afizionatuen artean arratsalde osoan zehar jokatutakoari amaiera emango diona.
ZER DIRA E-SPORT-AK?
Jokalarien, taldeen, ligen, publisher, antolatzaile, broadcaster, babesle eta ikusleek osatzen duten bideojoko-lehiaketen izen herrikoia da E-Sports. Modu amateurrean edo profesionalizatuan joka daiteke, aurrez aurre edo online.
Oso garrantzitsua da adieraztea kirol-modalitate honek, balore garrantzitsuak dituela, hala nola laguntasuna, konfiantza, enpatia, talde-lana, dibertsioa eta kiroltasuna. Balio horiek ezinbestekoak dira lehiaketan aurrera egiteko.
ZER DA LEAGUE OF LEGENDS EDO LOL?
LoL 2009an jaiotako estrategia-bideojoko bat da. Bertan, bost jokalariko bi taldek elkarren aurka jokatzen dute, bestearen basea nork suntsitzen duen ikusteko. Pertsonaiak, heroiak eta bilaua, Runaterraren fikziozko mundukoak dira, non parte-hartzaileen arteko guduak gertatzen diren.