Urretxuko Udalak, herrian bizi diren adineko pertsonen errealitatea ezagutu asmoz, Bakardadearen inguruko diagnostikoa egin eta argitaratu du, FARAPI Koop. Elkartearekin batera.
Diagnostiko kuantitatibo eta kualitatibo hau aurrera eramateko, Udalak bere esku dituen datu estatistikoak erabili dira batetik, eta elkarrizketa pertsonalak burutu dira bestetik. Bakarrik bizi diren adineko pertsonak eta hauen sare komunitarioa osatzen duten eragileak elkarrizketatu dira, ahalik eta argazki konpletuena izateko.
Ehun orritik gorako txosten honetan, datu konkretuez gain, bakardadea eta zahartzaroa ulertzeko eta lantzeko ezinbestekoak diren hainbat kontzeptu lantzen dira: zahartze prozesuak, adinekoei zuzendutako zerbitzuak eta arreta, zahartzaroa eta genero ikuspegia… Horiek guztiek kontuan hartuta, hau da Urretxuri ateratzen dion argazkia:
2018an Urretxun 65 urtetik gorako 577 pertsona bizi ziren bakarrik bere etxean. Hau da, herriko populazioaren %8,5 eta 65 urtetik gorako populazioaren %37.
Pertsona horiek bakarrik bizitzeko aukerak bereziki baldintzatzen dituzten aldagai sozio demografiko garrantzitsuenak adina eta generoa direla ere ikusi da, adinean gora egin ahala gero eta gehiago dira bakarrik bizi diren pertsonak; gehiengoa emakumeak.
Portzentaia eta aldagaiez gain, pertsonen biografia eta bizi baldintzei lotutako hainbat arrisku faktore ere aztertu dira, pertsonen bakartze eta isolamendu prozesutan paper garrantzitsua jokatzen dutelako.
Informazio hau guztia oinarri hartuta, diagnostikotik abiatuta, Urretxuko Udala ekintza plana garatzen ari da, detektatutako behar hauei erantzungo diena, eta lau lan-ildo nagusi izango dituena. Plangintza osatu bezain pronto, ezagutzera emango da baina diagnostikoa dagoeneko eskuragarri dago esteka honetan.