Urretxuko Udalak, hirugarren urtez jarraian, “zurrumurruen aurkako” hiru prestakuntza-saio antolatu ditu azaroaren 16, 23 eta 30eko goizetan
Erakunde, gizarte-erakunde eta norbanakoek parte har dezaten. Saioak, ahal dela, aurrez aurre egingo dira, baina osasun-egoeraren bilakaeraren arabera, online modalitatera alda daitezke.
Bertaratzen direnek doan jasoko dute kulturari eta identitateari buruzko prestakuntza teorikoa, estereotipoak eta aurreiritziak, bai eta zurrumurruak sortzeko eta zabaltzeko mekanismoak ere. Bestalde, komunikazio eta elkarrizketa trebetasunetan ere trebatuko dira.
Hauek dira Zurrumurruen Aurkako Agenteen Prestakuntzaren helburuak:
- Elkarrekiko daukagun ezagutza hobetzea, aniztasunean bizikidetza errazteko. - Zurrumurru, estereotipo eta aurreiritzi sozialen jatorriari buruz hausnartzea. - Zurrumurru zabalenei aurre egiteko tresnak eta argudioak eskaintzea.
Aurten Jon Maia bertsolari urretxuarra izango da bertan, Euskal Herrian Frankismoaren garaiko immigrazioari lotutako aurreiritziei eta klixeei buruzko hausnarketa egiteko. Gainera, Ikuspegik, Immigrazioaren Euskal Behatokiak, EAEko immigrazioaren egungo egoerari buruzko datu zehatzak emango ditu, eta zurrumurru nagusiak zerrendatuko ditu. Azkenik, Monica Leiva kazetariak zurrumurruen aurrean komunikatzeko eta hitz egiteko trebetasunak azpimarratuko ditu.
Aurtengo egitaraua honako hau da:
- Azaroak 16 (10:00 -12:00):
“Estereotipos y rumores entorno a la inmigración: ¿qué dicen los datos?”.
Ikuspegi, Immigrazioaren Euskal Behatokia.
- Azaroak 23 (10:00 - 12:00):
“Frankoren garaiko emigrazioa: Extremaduratik bertsolaritzara, auzoetatik plazara”. Jon Maia (Bertsolaria, Hezurbeltzak).
- Azaroak 30 (10:00 - 12:00):
“Estrategias comunicativas ante el rumor”.
Monica Leiva (Kazetaria, Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia).
COVID garaiko zurrumurruak
Urretxuko Udala sentsibilizazio eta parte-hartze komunitarioko estrategia bat garatzen ari da 2018tik, gure kaleetan dauden zurrumurru eta aurreiritziei aurre egiteko. Bereziki, bizitzen ari garenak bezalako une zailetan, zurrumurruak areagotu egiten dira, gorroto-diskurtsoak sostengatuz, diskriminazio handiagoa sortuz eta auzokideen arteko bizikidetza zailduz. Horregatik, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian parte hartzen duten pertsona eta erakundeek bereziki garrantzitsutzat jo dute aurtengo zurrumurruen aurkako prestakuntzari eustea, bai eta datozen hilabeteetan zurrumurruen aurkako estrategia indartzea ere, diskriminazioaren, arrazakeriaren eta xenofobiaren gorakadari aurre egiteko.
Izena emateko Urretxuko Gizarte Zerbitzuetako bulegora deitu behar da (943 03 80 83) edo posta elektroniko bat bidali Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera, gehienez ere azaroaren 11ra arte.
Plaza presentzialak mugatuak dira eta izen-emate ordenaren arabera esleituko dira. Parte-hartzaileek maskara eraman beharko dute eta higieneari eta gizarte-distantziari buruzko arau guztiak bete beharko dituzte. Onlineko prestakuntza egiten bada, parte-hartzaileei jakinaraziko zaie nola jarraitu hitzaldiak zuzenean.