Datorren irailaren 25era arte zabalik izango da “Urretxun Bizi Gara” Harrera Eskolarako matrikula egiteko epea. Udalaren ekimen hau Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei zuzendua dago, Urretxuko eta Urola Garaia eskualdeko gizartearen, historiaren, aukera eta baliabideen inguruko ezagutza haundiagoa izan nahi dutenentzat, alegia.
Urretxun Bizi Gara” ekimenaren seigarren edizio honetako saioak astearte eta ostiraletan izango dira, 9:30 – 12:00 bitartean, Urretxuko kultur etxean. Urriaren 1ean hasi eta abenduaren 20ra bitartean, guztiz doan izango diren 40 eskola-ordu jasoko dituzte ikasleek, hitzaldi, txango, bisita eta tailer modura. Aurrekoetan bezalaxe, teknikariek, eragileek eta herriko erakundeek hitz egingo dute zuzenean ikasleekin, historia eta gizartea, kultura, enplegua, etxebizitza, hezkuntza, hizkuntza, osasuna, e.a… hizpide hartuta.
Gainera, edizio honetan nahi duten ikasleek egonaldia egin ahal izango dute bost astetan zehar herriko kultur elkarteren batean, elkarrekiko ezagutza sustatzeko eta harrera nahiz egokitzapen prozesuak errazteko.
2014an Urretxun Bizi Gara Harrera Eskola martxan jarri zenetik ia hirurogeita hamar bizilagun graduatu dira. “Urretxun Bizi Gara” 2009ko Inmigrazio eta Bizikidetza Udal Planaren barruan kokatzen da, gure herria osatzen duten kulturen arteko aberastasuna bultzatzeko eta topaketarako gune bat eraikitzeko helburuarekin. Horrez gain, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa ere badu, herritarren parte-hartzeari irekita dagoen lan batzordea, gizarte inklusiboa eta bazterkeriarik gabekoa sortzea bultzatzen dituena.
“Urretxun Bizi Gara” Harrera Eskolan parte hartu ahal izateko izena eman behar da. Matrikula doan da eta Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoan egin daiteke, irailaren 25era bitartean. Argibide gehiago nahi duenak udaletxera bertara jo dezake, edo 943 03 80 83 telefono zenbakira deitu.