Urretxu-Zumarragako hiru ikastetxeetako LH1eko familia guztiek hartu dute parte “Euskararen kriseilua” proiektuan. Zelai Arizti antzokian izan zen azken ekitaldia
Sorgina Txirulinaren ipuin kontaketa eta flauta soinuaz eman zitzaion hasiera Euskararen kriseilua proiektuaren amaierako ekitaldiari.
Euskararen kriseilua Euskaltzaleen Topaguneak proposatu eta Urretxu eta Zumarragako udalek bideratutako ekimen berria izan da. Udazken honetan, LH1eko ikasle guztiek, txandaka-txandaka, etxera eraman dute Euskararen kriseilua astebetez. Familien lana? Batetik, kriseiluko sua zaintzea, eta bestetik, familian, euskararen inguruan hitz egin, eta erabilera bultzatzeko konpromisoak hartzea.
Hori horrela, Sorgina Txirulinaren ondoren, hiru familiaren bizipenak ikusi eta entzun genituen proiektu honen inguruan: ikuspegi anitzak, anitzak baitira familiak eta familien hurbiltasuna euskararekiko.
Horren ondoren bi udaletako zinegotziak igo ziren oholtzara: Alex González Urretxutik, eta Josu Idigoras Zumarragatik. Ikastetxeei eta Topaguneari eskerrak emateaz gain, ekitaldiko protagonistei -umeei- diploma bana banatu zieten “euskararen sua bizirik mantentzeagatik”.
Bukatzeko, Sorgina Txirulinak beste ipuin musikatu bat kontatu, eta neska-mutilak dantzan jarri zituen oholtzan.
Ekitaldiarekin amaitzeko, eta familia mailan etxe bakoitzean hartutako konpromiso gogorarazteko familia bakoitzak argazkia atera eta etxera eraman ahal izan zuen.
Proiektu hau udazkeneko Aroz Aro ekintza sortaren baitan kokatu da, eta euskararen familia transmisioan eragitea izan du helburu.