Eskuragarri daude Labeaga aretoan izango den Algaraka Euskal Herriko bakarrizketa lehiaketako emanaldirako sarrerak
Algaraka Euskal Herriko bakarrizketa lehiaketaren kanporaketa bat izango da maiatzaren 17an, 20:00etan, Labeaga aretoan. Sarrerak doan eskuratu ahalko dira labur.eus/0MqYm helbidean. Urretxuko eta Zumarragako Udalen eskutik izango den saioan Joana Arakistain, Ion Martinez Txiki, Josu Arrizabalaga eta Gaizka Sarasua izango dira lehian. 6-8 minutuko bakarrizketa bat egin beharko du bakoitzak, eta euren lana Idoia Torregarai umoregileak eta Iosu Zubia kulturgileak eta Potx pailazoak epaituko dute zuzenean. Bakarrizketari eta epaimahaikide gonbidatu bat ere izango da Labeagako saioan, Iker Plazaola umoregilea eta ETBko aurkezlea.
Lehiaketa ostiral honetan hasiko da Bergaran. Saioak EiTBk, Goienak eta Abaok ekoitziko dituzte. Informazio zabalagoa algaraka.eus helbidean dago.