Asteazkenero argitaratuko da jolas berri bat kahoot! aplikazioaren bidez, eta astebeteko epea izango da bakoitzean ordenagailuan zein mugikorrean jolasteko.
Azken hamarkadan bildutako Mingainluzeko ariketekin digitalki jolasteko aukera izango da martxoaren 15etik apirilaren 5era bitartean. Tarte horretan zehar, asteazkenero jolas bana argitaratuko dute Urretxuko eta Zumarragako udaletako Euskara sailek Kahoot! aplikazioaren bidez, eta astebeteko epea izango dute haur, nerabe, gazte zein helduek euren askotariko jakintzak eta trebetasunak frogatzeko. Bi udalerriei buruzko galderak ere izango dira tartean.
Mugikorretan zein ordenagailuz jolastu ahalko da. Mugikorretan, Kahoot! aplikazioan aste horretarako kodea sartuta, eta, ordenagailuan eta mugikorretan, Kahoot.it web helbidean kode bera sartuta. Asteazkenero kode berri bat zabalduko da bi Udalen sare sozial eta webguneetan, aste horretan zehar jolastu ahal izateko.
Gorka Azkarate arduratu da edukia garatzeaz
Pandemiak eten zuen Mingainluzeren hamar bat urteko ibilbidea. Tarte horretan, udazkenero Lehen Hezkuntzako haur pila batek gozatzen zuten Mingainluzerekin hainbat asteburutan zehar. Gorka Azkarate arduratzen zen edukiak sortzeaz eta ekitaldien gidaritzaz.
Behin pandemia bukatutzat jota, urte honen hasieran, udaletako ordezkariek eta Gorka Azkaratek berak Mingainluzeren jarraipena izan zuten aztergai. Udazken honetan modu fisikoan itzuliko ote den aztergai dute oraindik, baina, bitartean, urte horietan guztietan Azkaratek egindako lana biltzea eta plazaratzea erabaki zuten. Era horretara sortu da Mingainluzeren bertsio digital hau, plazaratzea berriz euskaraz jolasteko eta gozatzeko aukera bihurtuta.
Horretarako, Mingainluzerako egin ohi zuen bezala, askotariko gaiak ekarri ditu askotariko ariketetara Azkaratek, eta astero 20 bat ariketen bidez, norberaren ezagutzekin eta trebetasunekin euskaraz jolastu ahalko dira adin guztietako parte hartzaileak. Izan ere, euskara, jolasa eta plazera lotu nahi ditu beste behin Mingainluzek.