2024 urteko Xabier Ormazabal Mendi Festako kartela eta egitaraua aurkeztu zuten Andoni Ormazabalek eta Maialen Fidalgok Urretxuko Kultur etxean. Maiatzaren 25ean egingo da.
Atzo arratsaldean Urretxuko Kulturetxean hitzordua egin zuten Andoni Ormazabalek, Xabier Ormazabal bekaren antolatzaile nagusiak eta Maialek Fidalgok, Urretxuko Udaleko kirol arloko zinegotziak; 2017an bekaren sorrera posible egin zuen erakudea ordezkatuz. Bien artean, Gernikako Arbola plazan maiatzaren 25ean egingo den mendi festa handi hau osatuko duten jarduera nagusien berri eman zuten, egun horretarako prestatu dituzten sorpresa guztiak azaldu gabe.
GUZTIENTZAKO EGUNA
Egunak goiz argituko du antolatzaile, laguntzaile eta bisitarientzat. Gernikako Arbola plazan bilduko dira, ohi bezala, muntaiari azken ukituak emateko eta dena, Mendi Festa hasten denerako, 11:00etarako, prest edukitzeko.
Txikienek mendiarekin eta eskaladarekin lotutako hainbat joko eta tailer izango dituzte, baita koltxonetetan jauzi egin edo slackline jokoen oreka praktikatu ere. Ausartenek aukera izango dute plaza osoa gurutzatuko duen tirolina ikusgarrian aritzeko ere.
Era berean, txikiek eta helduek plaza berean dagoen boulderrean aritzeko aukera izango dute. Egunak aurrera egin ahala, Boulderra piezak galduz joango da, eta gero eta zailtasun handiagoa izango du.
Eguerdian, 12:30ak aldera, eskaladako herri-topaketa izango da, hasiberrientzat, aurreratuentzat eta, oro har, zaleentzat. Helburua ikasi eta gozatzea da.
“Menditombola” goiz osoan egongo da zabalik, sari garrantzitsuak irabazteko txartelak banatuko dituena, hala nola, marka ezagunen mendiko materiala; bertako produktuak, BiTartean merkatarien elkartearen eskutik; SUA argitaletxearen literatur bitxiak edo artisau-izozkiak. Bai argitaletxeak bai izozki dendak postua izango dute, Mendi Festak irauten duen bitartean irekita egongo dena.
ILUNABAR ZORAGARRIA
14:00etan udal karparen azpian, antolatzaileek, parte-hartzaileek, zaleek eta bisitariek paella jan eta indarrak berritzeko aukera izango dute.
Helduek bazkalondoaz gozatu bitartean, haurrek eta gaztetxoek aire libreko zineaz gozatzeko aukera izango dute, Gernikako Arbola plazan bertan. Bien bitartean, Araotz, Etxauri, Atxarte eta Kanpezu eskalada taldeek arratsaldean izango duten desafioa prestatuko dute.
Proba 18:00etan hasiko da, eta Alex Txikon eta Josean Mulas izango dira hizlariak.
Proba bukatutakoan, eta lunch txiki bat izan ondoren, bertan daudenek Xabier Ormazabal 2023 bekaren irabazlearen izena ezagutuko dute, baita parte hartu duten gainerako proiektuak ere.
Ondoren, aurtengo berritasun gisa, Jon Plazaolak bakarrizketa bat eskainiko du plazako eszenatokian, eguneko bi proiekzioen aurrekari gisa: Anima de Corall, Marc Torralles eta Bru Bruson, eta Riders of the storm, Nico Favresse eta Sean Villanueva. Horiek amaiera bikaina emango diote jardunaldi berezi honi.