Hirugarren urtez, "Urretxun bizi gara" izeneko eskola jarriko da martxan azaroaren 8tik aurrera. Formazio saio hauen helburua, herrira iritsi berri direnei Urretxuren inguruko ezagutza izaten laguntzea da.
Herri berri batera heltzean, ohikoa da, bertako kultura, ohitura, eta, funtzionamendua ez ezagutzea. Norberaren baliabide pertsonal eta sozialek, ezagutza eta egokitze prozesu hori erraztu edo zaildu dezakete beste hainbat faktoreen artean. Hala ere, harrera egiten duen herriaren araberakoa ere bada egokitze prozesu honen nondik norakoa. Modu honetara, harrera horretan laguntzeko martxan jarriko da "Urrretxun bizi gara" eskola.
Proiektu honek, bi hilabeteko iraupena izango du. Guztira, 28 orduko iraupena izango duten formakuntza saioekin Urretxu ezagutzera eman nahi da. Saio hauetan landuko diren gaien artean daude enplegua, osasuna, hezkuntza etab. Teoriaz gainera, bisita gidatuak ere egingo dira herria eta inguruak hobeto ezagutzeko.
Eskola berezia izango da "Urretxun bizi gara" ; irakasle lanetan arituko direnak, herriko eragile eta agente ezberdinak izango baitira. Besteak beste, sindikatuak, eskualdeko garapen agentzia, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Zentroa edo eta Udal Euskaltegiko kideak izango dira formatzaileak.
"Urretxun bizi gara" eskola azaroaren 8an hasiko da eta abenduaren 29an amaituko da. Astearte eta ostegunetan izango dira saioak, goizeko 09:30etatik 11:30etara.
Eskola honetan parte hartu ahal izateko, matrikulazio epea irekita dago azaroaren 3ra arte. Matrikula udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoan egin daiteke, eta doakoa da. Informazio gehiago nahi duenak udalera bertara jo dezake.