Urretxuarrek “Tokiko Zainketza Ekosistema” dokumentu berria jaso dute etxean
- Proiektu hau da Udalak legegintzaldi honetan duen garrantzitsuena. Urretxuarren zaintza beharrei erantzuteko Udalak dituen zerbitzu, programa eta baliabideak biltzen ditu.
- 2023an banakako 175 kasu aztertu dira, eta horietatik 86k arreta-plan pertsonalizatua jaso dute. 2024an, berriz, 524 kasu aztertzea aurreikusten da, Urretxun bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen herena.
- Osakidetzaren eta oinarrizko Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazio soziosanitarioak dena modu bateratu eta sinplean tramitatzeko aukera emango du.
Urretxuarrek “Tokiko zainketa-ekosistema” dokumentua jaso dute beren postontzietan. Herritar guztientzako arreta-eredu berria erakusten du.
BIZITZA OSOKO ZAINTZA
Guztiok behar dugu etengabeko zaintza, baina bizi zikloaren arabera, mota eta intentsitate desberdina izango du. Horrek zer esan nahi du? Biztanleriaren zahartzea eta bizitzeko eta zahartzaroa ulertzeko moduak aldatzen ari direla. Bizitza-luzera berriak gure bizitza egokitzeko eta berregituratzeko aukera ematen digu, eta Udaleko Gizarte Ekintza Saila errealitate berri horiei ikuspegi komunitario batetik erantzuteko prestatu da.
PROIEKTU GILTZARRIA UDALARENTZAT
Urretxuko alkate Jon Luquik esan duenez, “Proiektu hau da Udalak legegintzaldi honetan duen proiektu garrantzitsuena. Urretxuarren zaintza beharrei erantzuteko Udalak dituen zerbitzuak, programak eta baliabideak biltzen ditu.” Eta gaineratu du “ekosistemak zeharka egiten duela lan, hainbat eragile komunitarioen, hainbat esparrutako profesionalen eta abarren laguntzarekin, barnekoak (Udala) zein komunitatekoak (gizarte-eragileak)”.
PERTSONAK ERDIGUNEAN
Maialen Fidalgo Gizarte Ekintzako zinegotziak azpimarratu duenez, “erreferente eta tresna eraginkorra izan nahi dugu, bai zainketen arloan lan egiten duten agenteentzat, bai zaintza horiek behar dituzten pertsonentzat, beren eguneroko bizitzetarako eta ingurukoenetarako baliabideak eskainiz”.
ORAIN ARTE EGINDAKO URRATSAK
Gobernu taldeak eskatuta 2018an “Urretxuko adineko pertsonak eta bakardade egoerak” izeneko bakardadearen lehen diagnostikoa egin zen. Diagnostikoaren arabera, Urretxun beharrezkoa da gizarte harremanak sortzea eta indartzea, pertsonen ongizate emozionala lantzea eta komunitateko lanak egiteko laguntza eskaini eta kudeatzea.
Behar horiek guztiak kontuan hartuta, “Urretxuko Tokiko Zaintza Ekosistema” prestatu da.
NEURRIRA EGINDAKO PLANAK
Diagnostikoaren ekintza plana emankorra izan da. 2023an, banakako 175 kasu aztertu dira, eta horietatik 86k arreta pertsonalizatuko plana jaso dute. Fidalgok azaldu duenez, “bakoitzari, banakako diagnostikoaren bidez, bere beharretarako baliabide egokiena gomendatzen zaio: eguneko zentrora joatea, etxez etxeko laguntza jasotzea, telelaguntza (Beti ON eta Tabletak), etab.”
2024ari begira, adierazi du “2 urtean behin egiten den zainketen kalitatearen jarraipen azterketa egingo dela, eta 524 kasu aztertzea aurreikusten dela”. Eta gaineratu du “Urretxun bizi direnen herena 65 urtetik gorakoak izaki, datu garrantzitsuak direla dauden beharren ikuspegi zabala eskainiko dutelako”.
IZAPIDE BUROKRATIKOAK BIZKORTZEA
Parte hartzen duten eragileek monitorizatuko dituzte kasu konplexuak. Osakidetzaren eta oinarrizko Gizarte Zerbitzuen arteko koordinazio soziosanitarioari esker, behar hori antzeman ondoren, izapideak modu bateratu eta sinplean egin ahal izango dira.
ETORKIZUNERAKO EKINTZA BERRIAK
Maialen Fidalgok hurrengo hiru urteetan garatuko diren proiektuetako batzuk izendatuz amaitu du bere esku-hartzea. “Hori ez da hemen amaitzen; legegintzaldi honetan zerbitzu eta baliabide berriak sartzen jarraituko dugu, hala nola: bizitza-luzerarako egokitutako etxeak, adinekoentzako 10 apartamentu Pagoetan, eguneko zentroa handitzea, eguneko arretarako zentroa, zaintzaileentzako laguntza, esku-hartze soziosanitarioa eta psikosoziala…”.
Dokumentua hemen:
EKOSISTEMA.pdf
Popular 5.73 MB |
16/02/2024 12:15:19 |