Gizpukoako Foru Aldundiak sustatutako Zaintza HerriLab estrategiaren parte da Urretxuko Udala. Herrialdeko beste sei udalekin batera, zaintza estrategia errotik aldatzearen aldeko apustua egin du eta pasa den asteazkenean Pasaian aurkeztu genuen gure tokiko-esperientzia.
Aipatutako jardunaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, Adinberrikoak, Osakidetzakoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Gizarte Politiketako sailetakoak eta tokiko-esperientziak abian jarri dituzten herrietako ordezkariak elkartu ziren, besteak beste.
URRETXU. IRAUPEN LUZEKO ZAINKETEI ERANTZUTEKO ARRETA ERALDATZEN.
Urretxuko Udalak, Matia Institutuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, urtebete baino gehiago darama proiektu berri batean lanean.
Urretxuko zaintza eredua, eta horrenbestez Urretxun zahartzeko modua errotik aldatuko duen proiektu bat da. Helburu nagusia da iraupen luzeko zainketa-eredu bat eraikitzea, etxean kokatzen dena, pertsonak ardatz dituena, herriko ezaugarrietara egokitzen dena, herri-mailan antolatua eta oinarri komunitariokoa.
Proiektu anbiziotsu eta konplexua da, zahartze osasuntsuaren aldeko apustu bat, adineko pertsonak eguneroko bizitzan, bizitza komunitarioan txertatzearen alde egiten duena. “Pertsonarengan Oinarritutako Arreta” izena duen lan-metodologia honen helburua da komunitatea tokiko zaintza ekosistemaren sorreran inplikatzea eta ekosistema horren ardatza pertsona izatea. Zaintza ekosistema hori urretxuarren bizi-ibilbidean bidelagun izatea nahi dugu eta ibilbide horretan zehar dituen beharrak, zeinak aldatzen joango diren, asebetetzen laguntzea. Ekosistema horrek, adinekoei bakarrik ez, elkarteei, zaintzaileei, mendekotasuna duten pertsonei, bolondresei eta abarri ere modu positiboan eragingo die.
Epe luzerako proiektua da, hasi berri duguna, baina dagoeneko lehen emaitzak ematen hasi da. Gizarte Zerbitzuetako profesionalek, esaterako, beraien zeregin profesionalean, lan egiteko erak aldatzeko formazioa jasotzen ari dira. Horrez gain, metodologia berria aplikatzen hasi dira zenbait kasurekin, eta proiektu honen ardatza den Zaintza Ekosistema osatuko duten eragile zenbaitekin ere jarri dira harremanetan Ekosistemaren oinarriak finkatzen hasteko.
Laburbilduz, lau dira Pasaiako jardunaldian aurkeztutako proiektuaren gakoak:
- Orritik herrira: Zaintza ereduak, eredu teorikoak, Urretxuko errealitatera moldatu eta eredu propioa sortzen ari gara.
- Zabaletik zehatzera: zaintza eredu berria egunerokotasunean txertatzera goaz, lan egiteko moduak aldatuta.
- Zaintzailetik Komunitatera: zaintza ez da gizarte zerbitzuen edo zaintzaileen ardura, komunitatea osatzen dugun elementu guztiena baizik.
- Egin eta neurtu: arreta ereduan egindako aldaketen inpaktua neurtzen da, norbanako eta eragileengan duen eragina.
Erronka hasi baino ez da egin, bide luzea dugu aurretik.