Algaraka Bakarrizketa Lehiaketa egingo da maiatzean, Euskal Herriko lehenengo bakarrizketa lehiaketa. Gaur aurkeztu dituzte nondik norakoak, Bergarako Seminarixoan egindako agerraldian. Bertan izan dira lehiaketaren antolatzaile –Jardun euskara elkartea eta Goiena Komunikazio Taldea–, babeste –Bergarako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia–, eta laguntzaileak –Urretxuko eta Zumarragako Udalak eta Zumaiako Udala–.
Publikoarendako irekiak izango diren lau saiotan egingo da. Lehenengo kanporaketa eta finala Bergaran egingo dira eta bigarren eta hirugarren saioak, Urretxun eta Zumaian.
Seminarixoan egindako ekitaldian hartu dute parte Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Maite Usabiagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak, Jardun euskara elkarteko Nerea Mendizabalek eta Goiena Komunikazio Taldeko presidente Monika Belastegik. Antolatzaile zein babesle, gogotsu azaldu dira lehiaketarekin.
Hain zuzen, Bergarako Jardun euskara elkarteko Nerea Mendizabalek azaldu duenez, “Euskal Herria bakarrizketagintzaren loraldian dago”, eta loraldi horrek bultzatu ditu lehiaketa antolatzera. “Ideia Goiena Komunikazio Taldearekin partekatu, eta hura martxan jartzeko erabakia hartu genuen elkarrekin. Noski, erakunde publikoen babesa eta laguntza ezinbesteko genuen, eta halaxe izan dugu; eskerrik asko Bergarako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektuan sinistu eta hura babesteagatik, eta baita Zumarraga eta Urretxuko eta Zumaiako udalei ere, laguntzeagatik”.
Hain justu, Bergarako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek ere hartu dute parte ekitaldian. Maite Usabiagak, Bergarako Kultura zinegotziarendako ekimenak badu helduleku oso interesgarri bat, euskara eta kultura bultzatzetik datorrena. “Sortzaile euskaldunak garatzeko aukerak eskaini behar ditugu, etorkizuneko euskal erreferente berriak sortu daitezen, hain beharrezkoak ditugunak”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak esan du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak “atsegin handiz” hartzen duela parte bakarrizketa lehiaketan. “Euskarazko talentua eta kultura sustatzea helburu duen ekimena da. Gainera, tokiko sortzaileek beren talentua ezagutarazteko eta gure lurraldearen kultura-aberastasunari laguntzeko plataforma bat da”.
‘Algaraka’-ren saioak
- Lehiaketa maiatzeko lau ostiraletan egingo da. Lehenengoa eta azkena Bergaran eta erdiko biak Urretxu-Zumarragan eta Zumaian.
- Maiatzaren 10ean, lehen kanporaketa, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan.
- Maiatzaren 17an, bigarren kanporaketa, Urretxuko Labeaga aretoan, 20:00etan.
- Maiatzaren 24an, hirugarren kanporaketa, Zumaiako Aita Mari aretoan, 20:00etan.
- Maiatzaren 31n, finala, Bergarako Seminarixoan, 20:00etan.
- Kanporaketa bakoitzean lau bakarrizketarik hartuko dute parte eta 6-8 minutuko bakarrizketa aurkeztuko dute.
- Sariak:
- Lehen saria: 1.000 euro + Bergarako tostoiak eta erreilenoak
- Bigarren saria: 600 euro + Bergarako tostoiak eta erreilenoak
- Bergarar onena: 250 euro –bonuak, herrian erabiltzeko–
- Publikoaren saria: Bergarako Zumelaga jatetxean afaria eta Lamaino Etxeberri nekazari-etxean gaua eta gosaria.
Izen-ematea
Izena emateko aukera zabalik dago gaurtik apirilaren 19ra bitartean.
- Parte hartu gura duenak 2-3 minutuko bideo bat aurkeztu beharko du.
- Izena emateko bi modu daude: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzita edo algaraka.eus webgunean.
- Epaimahaiak hamaika bakarrizketari aukeratuko ditu.
- Publikoak 12. lehiakidea aukeratuko du, eta horretarako aukera izango da apirilaren 22tik aurrera, algaraka.eus webgunean.
Aukeratuen izenak apirilaren 29an jakinaraziko dira
Lehiaketaren gaineko informazio guztia duzue algaraka.eus webgunean.