"HaurEkin" ekimenean parte hartu du Urretxuk, Tabakaleran egin den Udal eta Hirien Euskal Sarearen aurkezpenean. Bertan PIZTU: GAZTE MAHAIA aurkeztu du.
Urretxuk Haurren Hirien Sareari atxikitako udalerrien eta Eusko Jaurlaritzak haurren eta nerabeen partaidetzarako tokiko organo egonkorrak sortzeko abiarazitako esperientzia pilotuan parte hartu dutenen arteko lehen topaketan parte hartu du. Urretxu bigarren taldean dago.
Jardunaldia Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ireki du, Erandioko alkatearekin eta Gotzon Bernaolarekin Innobasqueko ordezkararekin batera. Gainera, Francesco Tonucci pedagogok, telematikoki, hitzaldi bat eman du, "Haurrekin lan egitea guztiak hazteko" izenburupean.
Ondoren, mahai-inguruak hasi dira, eta bertan izan dira proiektu pilotuan parte hartu duten udalerriak, beren esperientziak eta ibilbidea partekatzen haurren eta gazteen parte-hartzearen inguruan.
Urretxuk pilotuaren lehen edizioan parte hartu zuen, eta sortze prozesuaren eta prozesu horren fruituaren berri eman du: PIZTU GAZTE MAHAIA. Maialen Fidalgo udal ordezkariak azaldu du zergatik hartu zuen Udalak proiektu honetan parte hartzeko erabakia, eta nola lagundu dien gazteria arloa udal barruan eraldatzen eta indartzen. Gobernu-taldeak beti izan du argi gazteria-arloa indartu behar genuela, beharrezkoa zela urteetan modu berean funtzionatzen ari zen arlo bati buelta bat ematea, errealitate berrira egokitzea — azaldu du zinegotziak —, eta horrela dago islatuta gure legegintzaldi-planean. Horregatik, 2020an Eusko Jaurlaritzaren proiektu pilotu honetan parte hartzeko aukera iritsi zenean, ez genuen zalantzarik izan. Prozesu luzea izan da, amaitu ez dena, bere argi eta itzalekin, bere zailtasunekin, eta asko ikasi dugu eta asko ikasten jarraitzen dugu. Gaur egun, DBHko 3. eta 4. mailako nerabeen mahai bat daukagu, hilero biltzen gara mahai horrekin, eta haien intereseko gaiak lantzen ditugu, Udalak edo haiek proposatu ditzaketenak. Maialenek esan digunez, prozesuaren zailtasunik handiena mahaia osatzea eta martxan jartzea izan zen, eta uste baino denbora gehiago behar izan zuten horretarako, baina gaur egun poztu egiten dira, atzerapen horrek aukera eman baitie gazteak eta ikastetxeetako dinamikak hobeto ezagutzeko eta haiekin harremana estutzeko, eta horri garrantzi berezia ematen dio Udalak. Parte hartzeko mahaiak oso oinarri egonkorra eta sendoa du orain, ikastetxeen eta Udalaren arteko harreman estu horri esker.
Gainera, horrek gazteria arloa birpentsatzeko pizgarri gisa balio izan zien: lan-dinamikak aldatu, eskaitzetik entzutera pasa, nerabeek eskatzen dietena eskaini eta landu ahal izateko (benetan interesgarria dena), gaztedi saila indartu, Urretxuko Udalak nerabeei eskaintzen dien Gaztebidean zerbitzuarekin duen harremana landu,…eta lehen fruituak ematen hasi da, hala nola 2022ko udako programazioaren diseinua (Piztu-Mahaiarekin batera diseinatu zuten), 2022-2023 programazioa, gaur egun lantzen ari direna, edo partaidetza-prozesu puntualak, hala nola Pump Track-aren diseinua, udalerriko nerabe gehienek parte hartuko dutena.
Hori da, hitz gutxitan esanda, Zumaiarekin partekatu duten mahai-inguruan aurkeztu dutena. Zumaiak ere parte hartu zuen proiektuaren lehen edizioan, eta beste batzuek, hala nola Deriok, Leioak, Durangok eta Ermuak, haurrek eta gazteek espazioaren diseinuan, jokoan, aurrekontuetan eta abarretan duten parte-hartzeaz hitz egin zuten.
Amaitzeko, Eusko Juarlaritzak eta Innobasquek jardunaldiari itxiera eman diote.