Udalak aho batez onartu du 12,93 milioi euroko aurrekontua, 2022an baino % 2,81 gehiagokoa, eta udalak orain arte izan duen handiena.
Garrantzitsua da azpimarratzea 13 milioi euro inguruko aurrekontua izateaz gain, Urretxuko Udalak ez duela inolako zorrik, ezta inolako erakunderekin kontratatutako kreditu-eragiketarik ere, eta, gainera, 4 milioi eurotik gorako diruzaintzako soberakina duela.
Udalaren egoera ekonomikoa ona denez, eta zorrik ez duenez, proiektu berri eta anbiziotsuak egiten jarrai dezake. Horien artean, hiru obra handi nabarmentzen dira, hurrengo legegintzaldian garatuko direnak, batzuk, dagoeneko hasita daude. Lehenengoa, eta jada abian dena, ezinduentzako zentro integrala (ASPACE) eta hirugarren adinekoentzako apartamentuak izango dituen eraikina; 2023an 1.734.024,752 € bideratuko dira obra horretara. Bigarrena, Pagoeta Gune Soziokulturala hobetzeko obrak (Pasiotarren eliza izandakoa). Bertan, igogailu bat jartzea aurreikusten da, eraikina guztiz irisgarria izan dadin, bai eta erabiltzen hasi den espazio horren akustika hobetzea ere. Eta hirugarren proiektu garrantzitsua da Urretxu-Zumarraga Ikastolak lagako dituen lurretan kirol-instalazio berria eraikitzea, Aldiribi izenekoa, eta horren guztizko kostua 4 milioi euro ingurukoa izan daitekeela kalkulatzen da, gutxi gorabehera.
Hori guztia mantentze-lanei, espaloiei, hiri-altzariei, ur-hornidura eta -saneamenduari eta abarri dagozkien partidak alde batera utzi gabe; horien artean, Goldeneko txaleten atzeko malda egonkortzeko 500.000 euroko partida da nabarmenena.
Ikus daitekeenez, goian aipatutako proiektu gehienak transbertsalak dira; hau da, ez dira hirigintza-obrak bakarrik, hobekuntza sozialak, ingurumenekoak, kulturalak eta abar baitakartzate.
Transbertsalitatearen edo zeharkakotasunaren puntu honetan, lehenik eta behin gizarte-hobekuntzei erreparatuko diegu; izan ere, Gizarte Ekintza Sailak, kudeatu beharreko espazio eta proiektu berriak izateaz gain (tutoretzapeko apartamentuak, Pagoeta, hobekuntzak eguneko zentroan eta Aterpen…), gizarte-langile berri batekin indartuko du saila. Hiru proiektu berritzailetan murgiltzeko beharrezkoa izango da laguntza hori; aurrekontu honetan jasota daude proiektu horiek. Bi aurten hasiko dira, eta 75.000 euroko partida izango dute: udalerrian dauden boluntariotza-sareak kudeatzea eta sustatzea, Adinkideren laguntzarekin, eta teknologia berrien bidez etxeko arreta hobetzeko proiektu berritzaile bat, IMQ Igurkorekin lankidetzan. Hirugarrena, 2021ean hasi bazen ere, 2022an garatu da, baina 2023an jarraipena izango du: zainketen tokiko ekosistema bat diseinatzea da. Proiektu hori oso aurreratuta dago, baina Matia Institutuaren eskutik garatzen jaraituko da, eta 18.000 euro bideratuko dira horretara.
Zeharkakoa da berdintasunaren gaia ere, Gizarte Zerbitzuetatik haratago doana eta kirolen arlora iristen dena. Urretxuren kasuan, txirrindulari talde itxura du, Udalak emakumezkoen kirolaren aldeko apustua berritu baitu bigarren urtez jarraian, 10.000 euroko dirulaguntza zuzenarekin Goierriko emakumezkoen txirrindularitza taldeari, iaz baino % 25 gehiago.
Sail horretan bertan, 13.500 euroko partida berri bat planteatzen da udalerrian euskara sustatzeko, Zintzo Mintzo elkartearekin eta Zumarragako Udalarekin elkarlanean, gazteen artean euskararen erabilerari buruzko azken datuak hobetzeko helburuarekin.
Azkenik ,aipatu, aurrekontu hori egin ahal izateko, bizilagunen ekarpenak ezinbestekoak izan direla. Ekarpen horiek honako auzo eta/edo eremu hauetarako izango dira:
- San Martin auzoko asfaltatzearen bigarren fasea: 46.000.- €.
- Aparicio auzoaren berrurbanizazioa amaitzea: 80.000.- €.
- Mundo Mejorreko aparkaleku berria: 1.000.- €, gehi obrak egiteko behar den kopurua, gerakinetik hartuko dena eta 150.000 €ingurukoa izango dena.
- Haurrentzako parke berria Gurutze auzoan: 30.000.- €.
- Labeaga 2 eta Nekolalde 1-3-5-7 espaloia hobetzea, faseka: 40.000.- €.
- Udalerriaren hainbat zonalde txukuntzea ekarriko duten beste partida batzuk badira, leku zehatza zehaztu gabe: argien berritzea (40.000.- €); auzoetako obrak (44.000.- €); ur-horniduraren eta saneamenduaren sarea hobetzea (50.000.- €).
- Hutsik dauden merkataritza-lokalen azterketa, etxebizitza bihurtzeko (18.000.- €)