Urretxuko Udalak, uztailaren 12an egindako aparteko osoko bilkuran, 811.065 euroko kreditu aldaketaren berri eman zuen.
Itziar Agirre Ogasuneko zinegotziak aipatu zuenez, aldaketa horren %52, diruzaintzako gerakinaren kargura izango dena, Sarraldeko erosketaren kreditua amortizatzeko izango da, guztira 421.765 euroko zenbatekoa. Agirre andreak azaldu zuenez, neurri honen bitartez Udalak lehendik jaso zuen zorra kenduko du maila haundi batean, eta horrela aurreratu egingo du legealdi planean gobernu taldeak hartutako konpromisoa, zorra 2020an kitatzearena, alegia. Modu horretan, hurrengo ekitaldian aurrekontu ia osoa erabilgarri izango du Udalak, finantza-karga gehigarririk gabe, eta hurrengo korporazioek zama hori izan gabe.
Bere hitzarekin jarraituz, Agirre andreak aditzera eman zuen 354.000 euro, hau da, kreditu aldaketaren %44, hori ere diruzaintzako gerakinetik datorrena, 25 jarduketa egiteko erabiliko direla, gehienetan aurreikusitakoak, baina diru gehiago behar dutenak, eta beste kasu batzuetan, Udalean ordezkaritza duten taldeek adostutako obrak egiteko, urte amaiera baino lehen hasi eta gauzatuko direnak.
Agirre andreak bere azalpenari amaiera emateko, aditzera eman zuen gainontzeko %4a (35.000 euro) ez dela gerakinarena, baizik eta kreditu aldaketa bati dagokiona, aurreikusita zeuden eta diru gehiago behar duten jarduketa batzuk gauzatzeko, eta baita ere ekitaldian zehar sortu diren hainbat ezustekori erantzuna emateko.
Era berean, udal kontu-hartzaileak alkatetzaren bi dekreturen berri eman zion Udalbatzari, hain zuzen ere 330.068 euroko kreditu inkorporazioa osatzen dutenak (2017ko aurrekontuaren kitapena onartu zen osoko bilkuran aipatutakoak), hori ere diruzaintzako gerakinaren gain, eta 2017ko ekitaldian baimendutako gastuei aurre egiteko, eta 87.536 euroko kreditu transferentzia hainbat ezustekori erantzuteko kreditu nahikoa jartzeko. Udal kontu-hartzaileak bere azalpenari amaiera emateko, proposatutako kreditu aldaketen inguruko helburuen betekizunaren berri eman zuen, hain zuzen ere aurrekontu egonkortasuna, finantza iraunkortasuna eta gastuaren araua.
Obretarako erabiliko diren diru partidei dagokienez, Zubillaga jaunak azaldu zuenez, aldaketaren partida esanguratsuena Kalerrota eta Labeaga arteko igogailua egiteko gordeko dena izango da. Horrela, azpiegitura horretarako 240.000 € erabiltzea, konpromiso kreditu modalitatean, onartu zuen Udalbatzak, 2018rako 120.000 €ko erretserba eginez, eta diru kopuru bera hurrengo ekitaldirako, 2019rako, konprometituz. Beraz, kreditu aldaketa behin betiko onartua geratu bezain pronto, igogailuaren obra lizitatuko du Udalak, aurtengo udazkenean obrari hasiera emateko eta hurrengo udaberrian amaitzeko.
Gainera, Zubillaga jaunak aditzera eman zuen aldaketa honek diru partidak haunditzea ahalbidetuko duela, herriko hainbat tokitan inbertsioak gauzatzeko; hasiera batean bide publikoetako asfaltatua egiteko zegoen partidak 70.000 € gehiago izango du, eta azkenik 85.000 € erabiliko dira asfaltatua eta egoera txarrean dauden bideetako gunean berritzeko: 1) 60.000 € Barrenkale-Iparragirre-Matxinporta kaleen arteko bidegurutze osoa berritzeko; 2) Beste 25.000 € Ipeñarrieta kaleko 10 – 18 atzealdeko asfaltatua egiteko eta Kalerrotan egoera txarrean dagoen zati bat.
Hirigintzako zinegotziak bere azalpenarekin jarraituz, jakitera eman zuen diruzaintzako gerakinaren beste zati bat espaloi batzuetako zorua eta bidegorrikoa konpontzeko izango dela, hasierako 20.000 euroko partida 77.000 euroraino haundituz; honako obra hauek azpimarratuko ditugu: 1) diru partida horren 40.000 € Labeaga/Ipeñarrieta bidegurutzean dagoen estankotik Eguzkia (Golden) plazaraino daraman espaloi zatiaren zorua aldatzeko; 2) 20.000 € Nekolalde kaleko lehen zenbakietako bi espaloietako zorua aldatzeko; eta 3) 17.000 € Bidegorrian egoera okerrenean dauden zatietako zorua berritzeko.
Ingurumenari dagokionez, Zubillaga jaunak azaldu zuen ondorengo partida hauetako zenbatekoak haundituko direla: 1) Sarraldeko garbiketa eta deskontaminazioa, horretarako 24.000 € gordeko direlarik; 2) Kiroldegiko instalazioetako efizientzia energetikoa hobetzea, 8.500 € Led argi berriak kantxan instalatzeko; 3) Kaleko argiteria sarean pixkanaka Led teknologia jartzen joateko partida 38.000 euroraino igotzea, eta urtero planifikatuta dauden argiak aldatzearekin batera, pilotalekutik Areizaga plazara bitarteko argiak aldatzea, eta horiez gain, nahikoa argi ez daukaten arkupetan plafoiak instalatzea.
Alkate jaunak hitza hartuz, aditzera eman zuen aipatutako kreditu aldaketa honen bitartez Gizarte Ekimeneko Departamentuan erabiltzeko diru partida batzuk ere haundituko direla: 1) Aniztasunaren eta Bizikidetzaren partidak 20.000 € gehiago izango ditu, hasierako zenbatekoa bikoiztuz; 2) Gizarte proiektuetarako partidak 8.500 € gehiago; 3) Jubilatuen egoitzako jardueretarako diru partidak 7.000 € gehiago izango ditu; eta 4) Eguneko zentroan inbertsioak egiteko partida ere igo egingo da, eta 2018ko aurrekontuan jarritakoa baino 6.000 € gehiago erabiliko dira.
Bukatzeko, alkate jaunak aipatu zuen diruzaintzako gerakinaren zati bat esandako kreditu aldaketa horretarako erabili arren, Urretxuko Udalak 1.772.745 euroko gerakina duela gerta litekeen edozein ezustekori aurre egiteko, eta 2019ko hauteskundeetatik aterako den hurrengo Udalbatzak estutasun ekonomikorik gabe eman ditzan lehen pausuak, eta horrez gain iraganeko zor edo kargarik gabeko proiektu bati ekin ahal izateko.