Urretxuko Udalak, joan zen ostegunean, uztailak 12, egindako aparteko osoko bilkuran, zibismoari buruzko ordenantza onartu zuen.
Zubillaga zinegotzi jaunak azaldu zituen osoko bilkuran onartu arte eman diren urratsak; aditzera eman du gobernu taldeak prestatutako lehen zirriborroa joan zen urtarrilaren erdi aldera bidali zitzaiela Udalean ordezkaritza duten gainontzeko bozeramaileei. Era berean, zinegotziak gogora ekarri zuen, indarrean dagoen legeria betez, alderdiei bidalitako agiria jendaurrean erakutsia izan zela, eta aipatutako zirriborroa Udalaren web gunean argitaratu zela urtarrilaren amaieran, eta 15 laneguneko epea ezarri zela herritarrek ekarpenak egin ahal izateko.
Era berean, zinegotziak jakitera eman zuen ez zela inolako ekarpenik jaso herritarren aldetik, eta jasotako ekarpen bakarrak Urretxuko Alderdi Sozialistak eta udal zerbitzu teknikoek egin zituztela. Alderdi Sozialistak eta udal zerbitzu teknikoek egindako ekarpenak aztertu ondoren, Zubillaga jaunak aditzera eman zuen ekarpen horietako batzuk ordenantzaren edukia tratatu duen antolamendu batzordeak aldeko diktamena eman dion dokumentuan txertatu direla, eta azkenik osoko bilkurara eraman dela onespena emateko.
Jarraian, Zubillaga jaunak azaldu zuen Zibismoaren Ordenantzaren helburua Urretxuko herritarren bizikidetza harremanak ordenatzea dela, jokabidearen eta eremu publikoen erabileraren oinarrizko arau batzuk ezarriz. Eta ondoren, Ordenantza honek arautzen dituen alderdien laburpen bat egin zuen:
- Herritarren jokabide zibikoa bide publikoan, herritarren jokaera arautu behar duten arauak ezartzen direlarik.
- Bide publikoko garbitasunari buruzko arauak, eta horien artean, udal zerbitzuei dagozkien betebeharrak, herritarrenak, bide publikoan obrak egiten dituzten enpresei dagozkienak, eta gainera publizitatearen kontrolari eta garbitasunari dagokion guztia, kartelak eta pankartak ezartzea, e.a…
Azkenik, Zubillaga jaunak aditzera eman zuen, Ordenantzaren Xedapen Gehigarriak dioen bezala, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunetara sartuko dela indarrean, eta horren ondoren Udalak 12 gune egokituko dituela, gaur egun herriko hainbat toki betetzen dituzten kartelak ezarri ahal izateko; zinegotziaren esanetan, gune horiek ugaritu egingo dira pixkanaka. Era berean, herrian zehar pankartak jarri ahal izango diren tokiak identifikatzen dira ordenantzan.
Udal antolamenduko batzordeak aldeko diktamena eman ondoren, eta gaia botoetara eramanda, Udalbatzak Zibismoari buruzko Ordenantza onartzea erabaki zuen, zazpi boto aldeko (5 EAJ-PNV + 2 PSE) eta 4 kontrako (3 EH Bildu+1 Irabazi)