Martxoaren 8a gerturatzen ari zaigun honetan, MARTXOAREN 2an emakume hezitzaile eta euskaltzale aitzindaria izan zen ELBIRA ZIPITRIA DOKUMENTALA proiektatuko da Urretxuko Labeaga aretoan, 19:00etan.
Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren bizitzan oinarrituta, hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen duen dokumental fikzionatua.
Joan den urteko abenduaren 26an, Elbira dokumentala estreinatu zen, Elbira Zipitria hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren bizitzan oinarrituta. Zipitria hil zela 40 urte bete ziren egun berean egindako aurkezpenak oihartzun handia izan zuen eta herritarren jakin-minak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, Donostiako Kursaaleko areto nagusia 1.700 lagunekin betetzeraino. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Baleuko ekoiztetxeak sortutako lana da Elbira, hainbat adituren eta haren gertuko kideren eskutik Zipitriaren bizitzako gertaeretan eta herriari egindako ekarpenean sakontzen duen dokumental fikzionatua. Proiektua hezurmamitzen lagundu dute, halaber, EiTBk, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Emakundek, BBK fundazioak eta Bermeo eta Donostiako Udalek.
Elbira Zipitria Irastortza andereñoa (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Euskal abertzale sutsua, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen. Francoren aldeko tropen altxamenduaren ondoren, Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen, eta handik urte batzuetara, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapen egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen, eta bertan hainbat eta hainbat haurrei –neska eta mutil, elkarrekin– euskarazko irakaskuntza eskaini zien. Berdintasuna ekarri zuen garaiko irakaskuntzara berdintasunaz hitz egin gabe. Horrez gain, maistra berriak trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren lehen andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastolaren sorreran parte hartu zuen 1968an.
Piztu duen interesa ikusirik, egokia iruditu zaigu Elbira Zipitriaren bizitza eta ekarpen harrigarria gaur egungo belaunaldiekin lotzeko zubia den dokumental hau herritarrei eskaintzea.
Urretxun, martxoaren 2an, 19:00etan, Labeaga aretoan. Sarrera librea aforoa bete arte.