Maiatzaren 28an Xabier Ormazabal Bekaren III. Edizioa aurkeztuko da Labeaga Aretoan. Aurtengo honetan ez da, ohikoak bihurtu diren, mendi festarik, street bulderrik edo eskalada txapelketarik izango, COVID-19aren pandemiak eta gaitzaren hedapena geldiarazteko osasun neurriak direla eta. Alabaina, ekitaldiak egon egongo dira, eta sorpresak, nobedadeak eta mendizaleak elkartzeko eta solasean egiteko parada ere bai.
Hala, Urretxuko Udalak aurreratu digu, Andoni Ormazabalekin elkarlanean, ekitaldi apala, baina interesgarria eta hunkigarria prestatu dutela datorren ostiralerako. Bai Ormazabalek, eta baita Udalak ere, garbi izan dute hasieratik COVID-19a ezin zela oztopo izan, eta ezin zuela 2017an hasitako bide hori eten. Izan ere, mendizale gazteei zuzendutako beka hau – lanak aurkezten dituztenek 1997 urtea baino beranduago jaioak izan behar baitute- izena hartzen joan da, Xabier Ormazabalek mundu horretan erreferente izan zelako hein handi batean; Andoni eta ingurukoek egindako zabalkunde lanagatik; eta bide hori ezin zuen pandemiak eten.
Helburu hori buruan, 2020an beka ematea erabaki zuten. Lanak aztertu, ebaluatu eta Ander Zabalza suertatu zen irabazle. Jakin bazekiten, bai antolatzaileek, bai irabazleak, proiektua ezingo zela ohiko denboran – oinarriek markatzen duten 12 hilabeteetan- gauzatu, lanaren exekuzio denbora luzatu egin beharko zutela, eta hala izan da. Ez da geldik egon ordea, hilabete hauetan lanean jardun du eta maiatzaren 28an, Labeagara gerturatzen diren guztiek aukera izango dute aurkeztutako proposamena, irabazle suertatu zena, zein zen eta momentu honetan zertan den.
Horrez gain, eta nobedade modura, “Xabier Ormazabal Bekaren gunea” aurkeztuko da ekitaldian. Beka indartzen jarraitzeko xedearekin web atal propioa sortu dute www.urretxu.eus webgunearen barruan; bertan bekaren inguruko informazio guztia bilduko da: edizio bakoitzeko oinarriak, aurkeztutako lanak, aurreko edizioetako irabazleak, mendi-festen bideoak, etab. Ez hori bakarrik, web atalarekin batera sare sozialak ere aurkeztuko dira jendaurrean; sareetan bekaren, Ormazabalen, zein proiektuen argazkiak eta edukiak partekatuko dira eta gustuko dutenek argazkiak bidali, ekarpenak egin, eta abarretarako aukera izango dute. Azken finean, komunitatea sortzea da ekimen honen jomuga.
Taula gainean Iñaki Peña ere izango da, “Mendian Hil, Hirian Hil” filmaren zuzendaria eta gidoilaria. Bertaratzen direnek, sari ugari jaso dituen dokumentala ikusteko aukera bakarrik ez, proiekzioaren osteko mahainguruan parte hartzeko, edo bertan esaten direnak entzuteko aukera ere izango dute. Peñaren hitzetan “Hildako pertsona horien senideen adierazpenak, gertatutakoaren onarpena, oroimen mingarria gainditzeko itxaropena…” lantzen ditu lan honek, eta horren ingurukoa izango da solasaldia ere.
Horiek guztiak, eta gehiago, datorren Maiatzaren 28an, 19:00 etan Labeaga Aretoan egongo eta egingo direnak.
Gonbidapenak eskuragarri egongo dira maiatzaren 19tik 26ra Aizpurunea Kultur Etxean 11:00-13:00 eta 17:00-19:00 ordutegian edo egunean bertan Labeaga aretoan 18:30-19:00.
"Mendian hil, hirian hil" bideoak