Goierri K.E.-k bere emakumezkoen txirrindularitza taldea aurkeztu zuen atzo, taldearen babesle nagusiekin batera.
Goierri K.E.-k eta Urretxuko Udalak urteak daramatzate kirolean berdintasunaren alde egiten, eta bereziki emakumeen kirola sustatzearen eta ikusaraztearen alde. Apustu hori sustapen-kanpainen bidez gauzatzen da, bai eta kluben diru-laguntzen oinarrien bitartez ere; oinarri horietan balio eta puntuazio berezia ematen baitzaio klubean emakumeak izateari. Estrategia horren emaitzarik nabarmenenak izan dira saskibaloiko jokalari femeninoen zein emakumezko taldeen hazkunde esponentziala edo boleiboleko emakumezkoen taldeen sorrera, besteak beste.
2021aren amaieran aukera berri bat sortu zen: emakumeen taldeak dituzten kirolen zerrendari beste bat gehitzekoa, hain zuzen ere, txirrindularitza. Goierri K.E.ren eskutik etorri zen aukera; taldeak beharra atzemanda zuen,aspaldi, aukera aztertu zuen eta emakumezkoen txirrindularitza taldea sortzeari ekin zioten. Izan ere, eurek dioten moduan, erronka handia da, inguruan ez baitago beste talderik, baina ziur daude, lanak ondo eginez gero, denbora gutxian beste asko sortuko direla. “Baliteke oso agerikoa ez izatea, baina premia badago, eta erantzuna emango diogu” diote taldekoek.
Une horretan, Urretxuko Udalarekin harremanetan jarri ziren, eta honek hasieratik erakutsi zuen proiektuarekiko interesa; izan ere, Udalk uste du etorkizun handiko proiektua dela, oso konpletoa eta zerharkakoa ere bai. Udalak ez du ikusten ikusten bederatzi emakume gipuzkoarrek kirol arloan duten beharrari erantzuten dion talde soil baten moduan; aitzitik, aukera paregabea ikusten du bizikletan ibiltzea gustuko duten neska horiek guztiek ikus dezaten beraiek ere lehiatu daitezkeela, Urretxuko gurasoek txirrindularitza alabentzako beste aukera bat bezala ikus dezaten. Une honetan, neskek txirrindu eskolan izena eman badezakete ere, adinean aurrera egin ahala, ez dute talde batean lehiatzeko betarik izaten. Horrek bizikletan ibiltzeko gogo, asmo eta helburuak zapuzten ditu. Talde hau aurrera ateratzea lortzen badugu, neskek txirrindu eskolan izena emateko aukera aztertuko dute, eta gero eta klub gehiagok jasoko dituzte emakumeen sail edo talde bat sortzeko eskaerak. Beste kirol batzuetan ere ikusi dugu. Hori guztia dela eta, Udalak eta Goierrik adostu zuten, lehenengoak 8.800 euroko laguntza emango zuela taldea sortzeko.
Bai Kluba eta bai Udala bat datoz esaten dutenean Goierri K.E proiektuarentzat abiapuntu egokia dela; izan ere, txirrindularitza herrian sustrai handiko kirola da eta talde berriak hasieratik bertako txirrindulari bat izango du.
Junior mailako eta 23 urtez azpiko taldea da eta euskal lasterketetan zein maila nazionaleko lasterketetan parte hartuko du. Emakumezkoen taldea da %100ean – eta hori ez da ohikoa izaten- , 9 txirrindulari gipuzkoarrek eta lehiaketa bikain ezagutzen duten bi zuzendarik osatua, biak ere txirrindularitza profesionalean aritu baitira duela gutxi arte. Horiez gain, Jon Ander Insausti txirrindulari profesional ohiaren laguntza izango dute.
Nagore Txintxurreta, Lur Zufiria (Ormaiztegi), Katalin Iriondo (Oiartzun), Naroa Gonzalez (Hernialde), Naya Mangas (Hernani), Garazi Bergara (Zumaia), Oneka Sanchez (Beasain), Arene Perez (Mutiloa) eta June Maiz (Beasain) txirrindulariek osatzen dute taldea. Zuzendariak Garazi Erostarbe oñatiarra eta Asteasuko Izarne Maioz izango dira.
Txirrindulariez gain, azpimarratzekoa da Udalak eta bertakoak diren Zatika enpresak, Euskadi Low Cost gasolindegi sareak eta Serinoski enpresak jokatzen duten paper garrantzitsua, taldearen babesle eta laguntzaile gisa.