Urretxuko Udalak eta Goierri Pilota Elkarteak herrian pilota suspertzeko plana aurkeztu dute.
Goierri Pilota Elkarteak 65 urte baino gehiago daramatza pilotaren alde lanean gure herrian. Hamarkadak gazte-belaunaldiak osatzen, pertseberantzia, talde-lana, autodiziplina edo lankidetza bezalako balio propio eta garrantzitsuak transmititzen.
Ez hori bakarrik, hain gurea den kirol bat baliosteko eta sustatzeko gogotik lan egin dute eta egiten dute. Herrian horren errotuta dagoen, eta kirola, historia eta kultura ere baden pilotaren alde.
Urte hauetan guztietan, normala den bezala, eta kirol talde, eskola eta elkarte guztietan gertatzen den bezala, Goierri Pilota Elkarteak urte hobeak eta okerragoak izan ditu. Izan ditu 60 haur baino gehiagoko urte onak, eta beste batzuk goibelagoak, non kopurua nabarmen jaitsi den. Horri gehitu behar diogu bizi dugun egoera trakets hau, oro har kirol eskolei eta, bereziki, pilota eskolei kalte handia egin diena (COVID-a, protokoloak, konfinamenduak...).
Ikasleen eta etorkizuneko pilotarien edo pilotazaleen kopuruak izan duen beherakadak bereziki kezkatzen du Goierri Pilota Elkartea eta horri irtenbidea topatu nahian Urretxuko Udalarekin bildu izan da; bien artean pilotaren aldeko apustua egiteko asmoz. Apustu horrek bi elementu nagusi ditu:
INSTALAZIOAK HOBETZEA
Azken urteotan berrikuntza lan garrantzitsuak egin dira Ederrena pilotalekuan. 2016an zoru berria jarri zen kantxan, eta 2019an lanak errepikatu ziren, lurra oso elementu garrantzitsua baita pilotan egiteko.
2018an, bainugelak eta kantinako sukaldea berritu ziren, bainugelak zabalduz, irisgarriak izan zitezen. Ondoren, 2019an, pilotalekuko bi aldagelak eraberritu ziren, 1993koak baitziren, eta hirugarren bat egokitu zen mugikortasun murriztua zuten pertsonentzat.
Amaitzeko, 2021ean, frontoiko argiteriaren ordezkapena amaitu zen,garai bateko fokuak kendu eta LED teknologia duten foku berriak jarri ziren. Horiek ingurumenaren ikuspuntutik jasangarriagoak dira, eta kontsumoari begira, eraginkorragoak. 2022 honetan, tanteo-markagailua aldatzea ere aurreikusten da.
KUDEAKETA-EREDUAREN ALDAKETA
Bultzatu dezakeen eta Urretxun pilota baldintzatuko duen bigarren elementua pilotalekuaren kudeaketa da. Udala, bere aldetik, txartel-sistemaren bidez instalazioaren erabilera antolatzen saiatu da, neguan estalitako parke huts gisa erabiltzea saihesteko, lurzorua kaltetzea (bizikletak, patineteak... erabiltzeagatik) eta, askotan, plastikozko poltsak eta gainerako zaborrez beteta uztea, kontrolik gabe.
Eredu horrekin instalazioa egoera onean mantentzea lortu da, baina ez da lortu gazteenak, pilotari potentzialak, erakartzea. Hala jakinarazi dio Goierri Elkarteak Udalari egin dituzten bileretan eta helarazi dizkioten proposamenetan, arrazoiak askotarikoak direla eta, neurri batean, egungo pandemia-egoerarekin lotuta daudela jakinda.
Udalak, pilotak bizi duen egoera zailaz eta horren aldeko apustua egitearen garrantziaz jabetuta, 2022rako aurrekontuan Ederrenaren dinamizazioa izeneko partida bat sartu zuen, Goierrirekin batera diseinatu duten eta otsailaren 4an martxan jarriko den dinamizazio-plan baten kostuei aurre egiteko.
IREKITZEKO PLANA
Hala, otsailetik aurrera eta Aste Santura arte, Ederrena pilotalekua ostiralero (17:00-20:30) eta larunbatero (16:30-20:30) irekiko da pilotan jokatu nahi dutenentzat; ez modu profesionalean edo arautuan, baizik eta pilotalekuaz gozatzeko, lagunekin arratsaldea pasatzeko eta modalitate guztietan pilotan jokatzeko aukera izateko beste modu bat bezala.
Gerturatzen direnek, gainera, dinamizatzaile bat izango dute. Dinamizatzaile horrek pilotalekua ondo erabiltzen dela ziurtatzeaz gain (hau da, bizikletarik ez sartze, garbitasuna mantentzea, errespetuz jokatzea...) , erabiltzaileentzat egokiak diren pilotak jarriko ditu, jolasak antolatuko ditu eta abar.
Dinamizazio-plana osatzeko, ASPE pilota-enpresarekin hitz egiten ari da Udala, pilotari profesionalek Ederrenan entrenatu ahal izateko, eta, horrela, gaztetxoek aukera izan dezaten telebistan ikus ohi dituzten pilotariak gertutik ikusi eta gozatzeko.
Lehenengo hilabeteak igaro ondoren, ebaluazioa egingo da, datorren hiruilekora begira beharrezkoak diren doikuntzak egiteko.
Oraingoz,pilotalekua ostiralero (17:00-20:30) eta larunbatetan (16:30-20:30) egongo da zabalik. Goizetan pilota eskolako gazteak izango dira instalazioaz gozatuko dutenak, baina frontoiko zein eskolako ateak zabalik daude kirolarekiko jakin-mina duten haur guztientzat. Azkenik, haurrak Ederrena pilotalekura hurbiltzera, jolastera, galdetzera, ikastera eta gozatzera animatu nahi ditugu.