Urretxuko Udalak martxoan aurkeztu zuen Kirol Orientazioko Zerbitzu berria, udalerriko pertsona inaktiboak pertsona aktibo bihurtzea eta urretxuarren artean bizitza osasuntsua sustatzea helburu duen proiektua.
Bi aste beranduago, COVID-19k eragindako osasun-krisiaren ondorioz alarma-egoera ezarri zenean, zerbitzua etenda geratu zen, eta horrela egon da orain arte. Orain ordea, udalerriko gizarte- eta kirol-zerbitzuek, Mugimenteko idazkaritza teknikoarekin batera, zerbitzua berriz martxan jartzea erabaki dute, segurtasun- eta osasun-neurri guztiak betetzen direla bermatuz, jakina.
Zerbitzu honek urretxuarren osasuna zaindu nahi du. Osasuna ordea, ez da gaixotasunik eza, erabateko ongizate fisiko, mental eta soziala baizik, eta hori da gure azken helburua. Ildo beretik, uste dute zerbitzua inoiz baino beharrezkoagoa dela orain – konfinamenduaren ondoren –, pertsona askok pairatu baitituzte COVID-19ren ondorioak, eta ez gara arnasketa-afekzioez ari, baizik eta muskulu-masa galtzeaz, gizarte-isolamenduaz, bakardadeaz, etxetik irteteko beldurraz, depresioaz, elikadura-ohitura onak eta errutinak galtzeaz eta abarrez.
MUGITUR arazo horien guztien konponbidea izan daiteke eta izan nahi du. Irtenbide ona da, prozesu progresiboa delako alderdi guztietan. Harreman soziala progresiboa da; izan ere, lehenengo hitzorduan orientatzailearekin baino ez da harremanetan jartzen, eta pixkanaka harreman sare hori zabaltzen doa, eta eskakizun fisikoa ere progresiboa da, programa guztiz pertsonalizatua eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitua baita.
Zerbitzuak orientatzaile bat du, Aizpuruenea Kultur Etxean egongo dena, eta kasu bakoitza aztertuko du. Ondoren, bere beharrizan, baliabide eta lehentasunen araberako programa bat egingo du, eta erabiltzaile bakoitzaren bilakaeraren eta aurrerapenen jarraipena egingo du.
Arreta-ordutegia honako hau izango da:
- Astelehena: 16: 30etik 17: 30era
- Asteazkena: 12: 00etatik 13: 00etara eta 16: 30etik 17: 30era
Ezinbestekoa da aldez aurretik hitzordua zehaztea Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoan edo 943 038 092 edo 943 038 088 telefono zenbakietan.
GIZARTE-ZERBITZUAK ETA KIROL-ZERBITZUAK
Logoan bertan ikus daitekeenez, Mugitur programan garrantzi handia eman zaio ez bakarrik alderdi fisikoari, baita psikologikoari ere; bakardadea, gizarteratzea, osasun mentala eta guzti hori Urretxuko Gizarte Zerbitzuetatik bideratzen da.
Horregatik erabaki da proiektua Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian gidatzea. Monica Leiva mahaiaren koordinatzaileak azaldu duenez, "Talde hau oso egokia da proiektua gidatzeko, izenak dioen bezala, profil oso desberdineko jendea biltzen duelako: erabiltzaile potentzialak ditu, baita erabiltzaile potentzialekin egunero harremanetan dauden pertsonak ere". Halaber, asko eskertzen du Gizarte Zerbitzuetako lankideek egin duten eta egingo duten lana, bideratzaile rola izango baitute. Gizarte-langileek detektatu, sailkatu eta bideratuko dituzte erabiltzaile posibleak eta orientatzailea.
Kirol-zerbitzuak, berriz, prestakuntzan eta orientazioan zentratuko dira; izan ere, erabiltzaileak zerbitzuetara bideratu ahal izateko, beharrezkoa da horien ezagutza zehatza izatea, eta horretara bideratzen ari da Kirol Departamentua.