2017ko urriaren 1ean Irimogaine ekimenaren bigarren edizioa egingo da Urretxun, Urola Garaia eskualdean eta inguruan iaz egindako lehen orientazio probaren jarraipena. Irimogaine proba Rogaine modalitataren barru kokatzen da. Eta zer da Rogaine?
Mendi lasterketen, “raid” delakoen eta orientazio lasterketen tarteko jarduera bat da. Partaideek inguruko mapa berezi bat eta oso zehaztua izaten dute; mapa horretan hainbat kontrol-gune agertzen dira markatuta, puntuak lortzeko bisitatu beharreko guneak. Ezarritako denboran puntu gehien lortzen duen partaideak irabaziko du.
Rogaine probaren berezitasun nagusiena da kontrol-gune guztietan ez dela puntuazio bera lortzen, eta beraz erabakigarria da estrategia eta planifikazioa. Kontrol-gune bat ere ez da derrigorrezkoa; hortaz, ibilbidea librea da maparen barruan.
Probak 2 modalitate ditu:
1. Open 3 ordu: 3 orduko iraupena izango du eta interpretatzeko mapa errazagoa. Jende guztiarentzat irekia; mendian ibiltzeko gai den edozeinek parte hartu eta goza dezake.
2. Open 4 ordu: 4 orduko iraupena izango du; mapa zabalagoa, desnibela ere haundiagoa izango du eta balizak aurkitzeko zailtasun gehiago.
Mundu guztiarentzako probak dira, eta horixe da polita. Partaide bakoitzak markatzen du bere ibilbidea, erritmoa eta helburuak. Iaz era guztietako parte-hartzaileak izan genituen: familiak, nerabeak, bikoteak, lagun taldeak, pertsona nagusiak eta lehen maila nazionaleko orientatzaileak.
Horrelako proba baten antolaketak dakarren lana azpimarratu behar da, izan ere hutsetik hasita marrazten da mapa, eta bertan agertzen dira pista, bide eta bidexka guztiak, baita elementu adierazgarriak ere: iturriak, errekastoak, ikaztegiak, zuhaitz bereziak, basoen egoera ere zehazten da, e.a…
Iaz, gure eskualdean zerbait ezezaguna izanik, bere denbora baino lehen itxi behar izan genuen izen ematea. 150 lagun espero genituen, eta azkenean 215 parte-hartzailetik gora izan ziren, Euskadi osotik, Errioxatik eta Frantziatik etorriak, itxaron zerrendan jendea geratu zelarik. Horregatik, 350 lagunetara zabaldu nahiko genuke kopurua, erritmo onean betetzen ari baita.
Probaren balorazioa oso positiboa izan zen, eta horrek animatu gaitu berriz ere antolatzera. 2016ko abenduaz geroztik ari gara lanean mapa haunditzen. Edizio honetako partaideek Urretxuko hirigunean egingo dute irteera, eta bertan hainbat baliza aurkitu ahal izango dute; eta gero Irimoko magaletik jarraituko dute bilaketa eta estrategiekin.
Iñaki Casas antolatzaileak jendea animatu nahi du egun dibertigarri eta entretenigarri bat pasa dezaten, inguru honetako bide, bidexka eta basoetan zehar pasiatuz, “altxorraren bila” berezi honetan parte hartzen duten bitartean.
Oso zaila dela uste du jendeak, baina mapa hartu orduko, bost minututan aurrera doaz, arazorik gabe. Eta erlojuari begiratzean konturatzen dira denbora badihoala, mapan murgilduta zauden bitartean. Esperientzia aproposa da edozeinentzat.
Irimotik edo inguruko bideetatik ibiltzeko gai den edozeinek parte hartu eta goza dezake Irimogaine ekimenean.
Izen ematea irailaren 25a arte da: www.gotorientazioa.org
Aipatu baita ere, ohiko inskripzioaz gain, aurten adin txikikoekin joaten diren helduek prezio hobea lor dezaketela izena ematerakoan.
Guztiek gozatuko dute proba honetan, eta amaieran indarrak berrituko dituzte gure laguntzaileekin batera prestatzen ari garen mokadutxoarekin.
Eta azkenik, egunari amaiera emateko, oparien zozketa egingo dugu parte-hartzaile guztien artean.
Informazio gehiago, www.gotorientzaioa.org
943 038088
Azken berriak facebook eta twitterren jarraitu