Bakarrik bizi diren adineko pertsonen inguruko lehen diagnostikoa 2018an egin zen Urretxun
- Aurten, bigarrengoz, Urretxun bakarrik bizi diren adineko pertsonen egoera, bizi baldintzen eta inguruabarren azterlana egingo du Udalak.
- Ikerketak Tokiko Zaintza Ekosistemak izan duen inpaktua eta eragina neurtuko ditu.
2018an LEHEN IKERKETA
Bakarrik bizi diren adineko pertsonen inguruko lehen diagnostikoa 2018an egin zen Urretxun, Udal gobernu taldeak hala eskatuta. Izan ere, 65 urtetik gorako 577 urretxuar bizi ziren bakarrik momentu hartan, 65 urtetik gorako biztanleriaren %37a hain zuzen ere. Ikerketa bi urte luzatu zen “garbi geneukalako egoeraren argazki osoa nahi genuela. Errealitatea ezagutu nahi genuen, izen abizenekin, gertutik, bakoitza bere egunerokotasunean, eta hortik ondorioak atera” azaldu du Maialen Fidalgok, Gizarte Ekintzako zinegotziak.
Horregatik, hainbat teknika uztartu zituzten ikerlanean: errebisio bibliografikoa, gaira gerturatzeko; metodologia kuantitatiboa, marko estatistikoa osatzeko eta gaia Urretxuko errealitatera ekartzeko; eta analisi kualitatiboa: banakako elkarrizketak adinekoekin, eztabaida taldeak langile eta boluntarioekin, elkarteekin, etab.
Azterketa horrek datuak igorri zituen batetik, eta ondorioak, bestetik. “Datuei dagokionez, honakoak aztertu genituen: bakarrik bizi diren adinekoak herriko zein zonaldetan kontzentratzen diren, sexuaren eta adinaren araberako banaketa zein den, horietatik zenbat bizi diren etxe egoki eta irisgarrietan, eguneroko zerbitzuen gertutasuna, egoera ekonomikoa, mendekotasun baloraziorik ote duten, familiarekin duten harremana eta harreman horren maiztasuna, kultur ekintzetan zenbatek parte hartzen duten, etxean laguntzarik duten, nolako laguntza den, etab.”- argitu du Fidalgok “Ondorioak, berriz, zabalagoak dira, errealitatearen irakurketa orokorragoa egiten laguntzen digute. Ikerketa honi esker dakigu, esaterako, Urretxun, adineko pertsonek babes sare sendoa dutela orokorrean.”
Harreman sozialei dagokienean, berriz, gabeziak sumatu ditu Udalak, bereziki 80 urtetik gorakoen artean. “Adineko pertsonei zuzendutako zaintza zerbitzuak eta eskaintza zabaltzeko, dibertsifikatzeko eta pertsonalizatzeko beharra agerian utzi zuen lanak”- azaldu du Maialen Fidalgok “ez hori bakarrik, zaintza beharrek lotutako dirulaguntzak aztertzeko eta errebisatzeko beharra mahaigaineratu genuen eta ordura arte inon ageri ez zen kolektibo batekin lan egitekoa: zaintzaileak; haien errealitatea eta beharrak ezagutu eta eurekin lanean hasteko”.
Ondorio horiek, eta ikerketa lanean jasotako besteak izan ziren Udalak aurkeztu berri duen Tokiko Zaintza Ekosistemaren oinarria. Bertan ikusitako beharrek eraman zuten gobernu taldea iraultza txiki baina ausarta egitera: Urretxuko Udaletxeko Zaintza eta arreta sistema goitik behera aldatzera, eta horretarako, noski, departamentua birdiseinatu eta indartzera.
2024an BIGARREN IKERKETA
Orain dela bi aste jarri da ikerketa berria martxan. Datuak aldatu egin dira azken bost urte hauetan: bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen kopurua jaitsi egin da, 577tik 407ra, %73,71 emakumezkoak dira eta %26,28 gizonezkoak. Aipatu, gehiengo nabarmena erdigunean bizi direla eta herria 19 zonaldetan banatu dela azterketa egin ahal izateko.
Ikerketak, Tokiko Zaintza Ekosistemak bakarrik bizi diren adinekoengan izan duen inpaktua eta eragina neurtuko ditu: Eguneko Zentroan egindako aldaketak, tablet bidezko telelaguntza sistema berriak, bakardadea ekiditeko programak, etab. Behin ikerketa amaitu ostean, emaitzak ezagutuko dira.