Urretxuko Udalak hilabeteak daramatza tokiko zaintza ekosistemaren diseinuan lanean. Laster aurkeztuko du ekosistema hori, modu osatu eta zehatzagoan. Ekosistema horretan funtsezko rola izango du Urretxun Zaindu izeneko proiektu berri honek.
Tokiko zainketa-ekosistema abian jarrita, Udalak pertsonarengan oinarritutako arreta-eredu baten aldeko apustua egin du, zaurgarritasun- eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duena eta, era berean, berrikuntzan eta parte-hartzean oinarritutako gizarte-zaintzako kultura partekatua lantzea bultzatuko duena.
Helburu horrekin, Urretxuko Udalak arreta, zaintza eta babeserako arreta eredu berritzaileak jarriko ditu martxan Urretxuko zenbait etxetan, iMQ-Igurco enpresarekin eta Ideable enpresarekin elkarlanean. Proiektu honen helburua da mendekotasuna duten pertsonei eta haien zaintzaileei laguntza psikosozialeko eta antolaketa logistikoko sistema bat ematea, pertsonak zaintzeko eta beren burua, zerbitzu soziosanitarioak eskainiz gailu digitalen, tableten eta jarduera-eskumuturrekoen bidez.
Proiektu honekin urruneko laguntza-zerbitzu bat eskaini nahi diegu beren etxean hauskortasun edo mendekotasun egoeran bizi diren adinekoei, etxean gera daitezen, eta zaintzaileei ere lagundu. Denok gure etxean ahalik eta denbora gehien egon nahi dugula jakinda, teknologia erabili nahi dugu, gure ingurunean ahalik eta bizi-kalitaterik handienarekin egoteko denbora luzatzen lagun diezagun; teknologia pertsonen eskura jarriaz.
Hainbat profil soziosanitarioko 15 erabiltzaile inguruk parte hartuko duten proiektu pilotu honetan, erabiltzailearen zaintzaileak, Udaleko Gizarte Ekintza Saileko, Eguneko Zentroko eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak zuzenean inplikatuta daude eta zerbitzu hauetan eskarmentu handia duen Igurcoko talde soziosanitario baten laguntza eta aholkularitza izango dute.
NOLA FUNTZIONATZEN DU?
Udaleko Gizarte Ekintzako langileek erabiltzaileen etxea bisitatzen dute, eta haiekin batera, baita haien zaintzaileak eta/edo senideak ere. Bisita horretan erabiltzailearen hasierako egoeraren balorazio gisa balioko duten formulario batzuk osatzen dituzte.
Balorazio hori izango da mendekotasun- edo hauskortasun-egoeran dagoen pertsona bakoitzari etxean proposatu beharreko jarduerak markatuko dituena, Banakako Arreta Plana deritzona. Plan horren prestaketa eta jarraipena kasuaren kudeatzaileek egingo dute (erabiltzaile bakoitzak kasu-kudeatzaile bat izango du, eta kudeatzaileaz arduratuko da), eta erabiltzaileekin/familiekin partekatuko da, plataforma digital baten bidez. Plataforma horren bidez, erabiltzaileek eta haien familiek eta zaintzaileek tabletean ikusi ahal izango dituzte egunero egin behar dituzten ariketak eta jarduerak, kasuaren kudeatzailearekin zuzenean komunikatzeko aukera izango dute proposamenak egiteko, zalantzak argitzeko, kontsultak egiteko eta abar.
Erabiltzaileek, beren beharren arabera, Udalak hornitu eta mantenduko dituen tabletak jasoko dituzte, programaren erabiltzaileentzat egokituta daudenak , eta Wi-Fi konexiorik edo ezagutza informatikorik behar ez dutenak.
Jarduerak gomendatzen dituen aldi berean, tresnak datu baliagarriak biltzen ditu, kasuaren kudeatzaileari erabiltzailearen ongizatea eta zaintzaile nagusiaren gainkarga neurtzen lagunduko diotenak. Erabiltzaileari bezala, zaintzaileari ere balorazio integrala egingo zaio esku-hartzearen aurretik eta ondoren. Horrela, kasuaren kudeatzaileak egoera neurtuko du proiektuaren hasieran eta amaieran, eta proiektu pilotuak bi kolektiboetan izan duen eragina aztertu ahal izango dute.
Azkenik, aipatu behar da proiektuan egiten diren topaketa eta jarduera guztietan pertsona guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuko direla, eta zerbitzua, presentziala eta telematikoa euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dela. Era berean, horietan guztietan genero-hizkuntzaren erabilera egokia bermatuko da, eta zainketen erantzunkidetasuna sustatuko da, bai eta zaintza-lanetan aritzen diren emakumeen lan- eta bizi-baldintzak duintzeko programak sustatzea ere, bai zaintzaile profesionalenak, bai eta ez profesionalenak ere.