Urretxuko Udalak 2021aren amaieran aditzera eman zuen analisi eta hausnarketa proiektu berri batean buru-belarri murgildu zela; hirugarren adineko personen arreta eredua aldatzea helburu zuen proiektu horrek. Eraldaketa progresibo baten inguruan ari gara, iraultzarik gabeko trantsizio lasai baten inguruan.
Udalerriko eguneroko bizitzaren beste alderdi batzuetan gertatzen den moduan, gai honi dagokionean ere, errealitatea erakundeen aurretik doa, gizarte-aldaketa beti aurreratzen zaio erakundeari. Gaur egun Urretxun bizi diren erretiratuek edo 65 urtetik gorakoen perfilek ez dute duela 20 edo 30 urtekoen zantzurik. Garai hartan sortu zen orain arte martxan genuen arreta-eredua, eta, esan gabe doa, zaharkituta geratu dela. Hori dela eta, Udaleko Gizarte Ekintza arlotik kolektibo horretako taldetxo batekin biltzen hasi ginen, dituzten beharrak, gustuak eta kezkak bertatik bertara ezagutzeko eta, halaber, nola zahartu nahi dugun erabakitzeko foro bat diseinatzen hasteko.
Bizilagunei entzuteaz gain, departamentuak erkidego mailako hainbat forotan parte hartu du, eta bertan egiaztatu dute ez dela Urretxuko arazo partikular bat, EAE osoan gertatzen ari den zerbait baizik. Era horretako aldaketa-prozesuetako profesionalekin bilerak egin ditugu eta horrela iritsi gara +65 mahaiaren lehen programa prestatzera.
Programa martxoaren 9an abiatuko da, eta hiru hilabeteko iraupena izango du. Hau da, hiruhileko bakoitzean, mahaiak eskaintza berri bat egingo du, urteko sasoi bakoitzari eta aurreko hiruhilekoan lortutako ikaskuntzei egokitua.
Mahaitik azaldu digutenez, garrantzitsua iruditu zaie aisialdiaren, interes edo kezka intelektualen eta osasunaren arteko oreka mantentzea. Hiru zutabe horiek eusten diote jarraian aurkezten dugun programari:
- ELKAR MINTZATUZ, Pello Biainekin: martxoaren 9an eta 30ean, apirilaren 27an, maiatzaren 18an eta ekainaren 8an Urretxuko kultur etxean. Saioak elebidunak izango dira, euskaraz zein gaztelaniaz.
- OSASUN MENTALA pandemia garaian, Yolanda Cervero psikologoarekin. Martxoaren 22an, apirilaren 26an eta maiatzaren 24an izango dira, Urretxuko Kultur Etxean. Saioak gaztelaniaz izango dira.
- ENVEJECER BONITO: Urola Garaiko Jabekuntza eskolak antolatuta, zahartze prozesuaren inguruko ziklo arrakastatsua. Martxoaren 21ean hasiko da Emakumeen etxean (Pagoeta Auzoa) eta bi astero elkartuko dira.
IKASTAROAK
- GIMNASIA EGOKITUA , ostegunero Aterpe erretiratuen etxean, ordu desberdinetan.
- YOGA NAGUSI, astelehen eta asteazkenero Kultur Etxean, hainbat saio.
IRAKURKETA ERRAZA, asteazkenero Kultur Etxean
HITZALDIAK
- EDADISMOA. Adinaren ondoriozko bazterketa; Borja Doncel erizain eta ikerlariarekin. Martxoaren 15ean, 17:00etan Urretxuko Kultur Etxean
- DOLUA Andoni Salameroren hitzaldi-ikuskizuna. Martxoaren 16an, 18:00etan, Urretxuko udaletxeko atarian.
- DIETA EGOKIA Amaia Sigüenza dietistarekin, martxoaren 28an 18:00etan Urretxuko Kultur Etxean; hitzaldia elebiduna izango da.
Programa laster egongo da Urretxuko postontzi guztietan, eta dagoeneko eskuragarri dago hemen:
65 MAHAIA _ PROGRAMA.pdf
Popular 190.27 KB |
01/03/2022 19:58:08 |
Aipatu behar da, goian aipatutako jarduerez gain, mahaia – 65 urtetik gorako pertsona guztientzat irekita dagoena – Hilero biltzen dela eta bilerak dinamizatzen dituen teknika bat duela; bertan erabakitzen dira hitzaldien gaiak, ikastaroen iraupena, edukiak, etab.
Mahaitik dei egiten dizuegu interesa duzuen guztiei bai ekintzetan eta bai mahaiaren beraren hurrengo bileran parte hartzeko. Hurrengo bilera martxoaren 15ean izango da, 17:00etan, Udaletxean. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 038 083 telefonora.