Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur, 2020ko abuztuaren 19an, argitaratu du tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzeko eta familiei eskola-materiala erosten laguntzeko diru-laguntzak arautzen dituzten oinarri espezifikoak.
Hemendik aurrera beraz, familiek diru-laguntza eskaerak aurkez ditzakete eskola-materiala erosteko, 2021eko irailaren 1etik azaroaren 5era bitartean. Laguntzak 2021/2022 ikasturtean derrigorrezko hezkuntza edo haur-hezkuntza ikasten ari diren seme-alabak dituzten familiei zuzenduta daude.
Helburu bikoitza duten diru-laguntzak dira hauek: batetik, herriko saltoki txikiei lagundu nahi diete, salmenta sustatuz, eta, bestetik, eskola-adineko haurrak dituzten eta beharra duten familiei.
Udalak 10.000 euro bideratuko ditu proiektu honetara, eta errenta baxuak dituzten familia-unitateen artean banatuko dira. Familiak onuradunak honela sailkatu dira: urtean 19.950,00€ edo gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familia-unitateek 100 euro jasoko dituzte gehienez eskola-adineko haur bakoitzeko, eta 19.950,01€ eta 22.800€ gordin arteko diru-sarrerak dituzten unitateek 75 euro arte jaso ahal izango dituzte eskola-adineko haur bakoitzeko.
10.000 euro horiek nahikoa ez balira bi errenta-tarte horietako familia-unitate guztiei erantzuteko, Udalak deialdi honetara bideratutako baliabideak handitu ahal izango ditu, horrela, oinarrietan deskribatutako baldintzak betetzen dituzten familia guztiengana iristeko.
Diru-laguntza horien barruan Urretxuko dendetan eskola-materiala erosteko gastuak baino ez dira sartzen, eta soilik 2021ko irailaren 1etik urriaren 10era bitartean egiten direnak. Eskolako materialtzat hartuko dira idazmahaiko materiala eta material suntsikorra (arkatzak, koadernoak...), material suntsiezina (kartapazioak, kalkulagailuak...), eskola-jarduerarako beharrezkoak diren jantziak (betaurrekoak, kirol-arropa...) eta ikastetxeak zirkular bidez berariaz eskatzen duen beste edozein material.
Behin materiala eskuratuta, familiek azaroaren 5era arte izango dute diru-laguntzaren eskaera aurkezteko, gaur onartutako oinarrietan zehazten diren gainerako dokumentuekin batera. Horien artean, diru-laguntzaren titularraren izenean egindako fakturak nabarmenduko genituzke, eta horietan erositako materialak jaso beharko lirateke. Gainera, ikastetxeak eskatutako material espezifikoa bada, hori egiaztatzen duen idazki edo ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute.
Azkenik, argitu behar da laguntza horiek bateraezinak izango direla helburu bererako diren beste batzuekin, Urretxuko Udalak gizarte-bazterketako eta premia larriko egoerak arintzeko ematen dituen banakako laguntzekin izan ezik.