Urola Garaian, 16 urtez azpi euskaraz entrenamenduak jasotzen ari direnen gehigarria zabalduko da eskualdeko etxe guztietara.
Gaur, martxoaren 16a, aurkeztu da Mankomunitate mailan 2021-2022 denboraldian, Urola Garaian, euskaraz entrenamenduan jasotzen duten taldeen katalogoa. Katalogo hori Mankomunitatik bideratu da eta lau udalez gain, EMUN Kooperatiba Elkarteak eta Goierriko Hedabideek lagundu dute elkarlanean gauzatzen.
Jon Luqui Mankomunitateko lehendakariak kirol elkarte eta udal kirol zerbitzu guztien lana aitortu du, baina, kasu honetan euren kirol eskaintza 16 urtez azpikoei euskaraz eskaintzen dietenak goraipatu nahi direla azpimarratu du.
Horretarako, kirol elkarte guztiek erakutsitako prestutasuna goraipatu du galdetegia erantzuteko, eta, katalogoak, galdetegi horietatik ateratako diagnostikoan duela oinarri azpimarratu. Aurrez ere, 2019-2020 denboraldian egin zen halako diagnostikoa, baina, oraingoan, taldeen zerrendaz gain, aurpegiak eta istorioak erantsi nahi izan zaizkie eta horretarako Goierriko Hedabideen lankidetza izan du Mankomunitateak.
EMUNeko teknikari Joseba Beltzak bideratu duen diagnostikoan jasotakoaren arabera, eta hizkuntzen erabileraren datuei erreparatuz gero, gaztetxoen %67,23 dira euskaraz entrenatzen dutenak, 888 hain zuzen ere.
Entrenatzaileei dagokienez, 95 entrenatzailek erabiltzen dute euskara euren entrenamenduetan, Urola Garaian dabiltzanen %71.
Eta bederatzi dira -kirol elkarte eta udal kirol zerbitzu- euren talde guztietan euskara erabiltzen dutenak.
Hori horrela, Kerman Garralda kazetariak, guztiak ez, baina eskualdeko zortzi kirol talderen testigantzak jaso ditu zerrenda irudiz eta istorioz osatuz. Esaterako, entrenamendu saioetan nola aritzen diren euskaraz, edo “aurkariekin eta epaileekin ere lehen hitza euskaraz egiten dutela” diote beste batzuk.
Katalogo hori Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako etxe guztietara banatuko da hurrengo astean.