Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
116. zenbakia Data 2009-06-24 43 orria
7 UDAL ADMINISTRAZIOA
URRETXUKO UDALA
ORDENANTZA: dirulaguntzak arautzeko ordenantza orokorra.
URRETXUKO UDALA
Iragarkia
Udalbatzak 2008ko abenduaren 29an egindako Bilkuran, Urretxuko Udalaren dirulaguntzak arautzeko Ordenantza Orokorra onartu zuen. Jendaurreko erakustaldian inongo alegaziorik edota iradokizunik aurkeztu ez denez, Ordenantza behin.betikotzat onartu dela ematen da.
Urretxuko Udalaren dirulaguntzak arautzeko Ordenantza Orokorra.
ZIOEN AZALPENA
Udalak dirulaguntzak emanez egiten duen sustapen lana oso garrantzitsua da, bai ikuspegi ekonomikotik begiratuta bai diruz lagundutako ekintza eta proiektuek duten gizarte oihartzunetik begiratuta.
Sustapen lan horrek interes orokorreko gauzak lortzeko unean duen eragina dela eta, ezinbestekoa da Urretxuko Udalaren eta dirulaguntza horien hartzaileen arteko harremanak antolatu eta arautuko dituen lege esparrua finkatzea, eta honi, hurrena, beharrezko publizitatea ematea, hain zuzen onuradun izan daitezkeen guztiek ezagut dezaten.
Helburu hori gogoan, beraz, araudi honetan erregulatu egiten dira alderdi inplikatuen betekizunak, dirulaguntza motak, deialdiak arautzeko oinarrien gutxieneko edukia eta esleipenerako eta laguntzak itzultzeko prozedura, zigor erregimenarekin batera.
I.KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Urretxuko Udalak partikularrei, erakundeei, elkarteei eta hiritarren kolektiboei ematen dizkien dirulaguntzak eta laguntza publikoak emateko prozeduretan aplikatuko den erregimen orokorra finkatzea da Ordenantza honen xedea. Dirulaguntza eta laguntza publiko horiek erabilgarritasun publiko edo gizarte intereseko ekintzak sustatzera edo helburu publiko bat sustatzera bideratutako proiektuetan edo jardueretan erabiltzeko izango dira. Dena den, kasuan kasuko deialdietan ezartzen diren oinarri espezifikoen bidez osatu ahal izango da, betiere, araudi hau.
2. artikulua. Dirulaguntza kontzeptua.
Ordenantza Orokor honen ondorioetarako, Urretxuko Udalak pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribatuen alde egindako diru disposizio oro hartuko da dirulaguntzatzat, baldin eta honako baldintza hauek betetzen baditu:
a) Diru ematea onuradunen zuzeneko inolako kontraprestazio edo ordainik gabe egitea.
b) Diru emate hori helburu zehatz bat betetzera, proiektu bat gauzatzera, jarduera bat burutzera edo portaera berezi bat bultzatzera lotuta egotea –hauek guztiak dagoeneko gauzatuak edo garatze bidean egon daitezke-, edo egoera batera bestela; onuradunak bete egin beharko ditu, dena den, araudian ezarritako betekizun materialak zein formalak.
c) Finantzatutako proiektuaren, jardueraren, portaeraren edo egoeraren xedea erabilgarritasun publiko edo gizarte intereseko jarduera baten sustapena edo helburu publiko baten sustapena izatea.
3. artikulua. Lege erregimena.
Arau hauek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak xedatzen duenaren eta udal erregimeneko araudiak ezartzen duenaren mendean daude.
4. artikulua. Dirulaguntzak emateko printzipioak.
Dirulaguntzen kudeaketarako, honako printzipio hauek jarraituko dira:
a) Dirulaguntzak borondatezkoak eta aldi baterako dira, uneoro libreki baliogabe eta murritz daitezke, ez dute hurrengo urteetan beste dirulaguntza batzuk lortzeko eskubiderik sortarazten, eta ezin izango dira aurrekari gisa alegatu.
b) Emateko unean baldintzatzat ezarria duten interes orokorreko xedea gauzatzeari atxikita daude, eta berez ez dira itzultzekoak, non eta emateko unean ezartzen diren baldintza eta kargak bete ezean itzuli beharra sortzen ez den.
c) Inoiz ezin izango dira liberaltasun hutseko irizpideez eman, baliogabetzeko zigorra izan baitaiteke horrelakoetan, eta ematen direnean ziurtatu egingo da Udalak finkatutako helburuak beteko direla eta baliabide publikoen esleipen eta erabilpenean eragimenez jokatuko dela.
d) Dirulaguntzak emateko unean, publizitatea, konkurrentzia librea, objektibotasuna, berdintasuna eta bazterketarik eza izango dira irizpideak, eta ekintza administratiboen gardentasuna bermatu beharko da.
e) Ezin izango da, inoiz, deialdiak zehaztutako kopuruetatik gorako dirulaguntzarik eman, eta dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu, beste herri administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzekin edo laguntzekin batera, jardueraren kostua.
5. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena.
Laguntzak edo dirulaguntzak emateko eskumena kasuan kasuko gastua baimentzeko eta erabiltzeko ahalmena duten organoena izango da, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan betiere; dena den, eskumen horiek beste batzuen esku utzi ahal izango dira, udal legediak aurreikusten dituen baldintzetan.
6. artikulua. Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo daudenak.
Ordenantza honen aplikazio eremutik kanpo dira honakoak:
a) Onuradunak aurrez eskatu gabe emandako sariak edo bekak.
b) Udaleko Talde Politikoentzako dirulaguntzak, hauetarako berariazko araudiak ezartzen duenaren ildotik.
c) Emakidadun publikoen alde egiten diren diru-ekarpenak, oreka ekonomiko-finantzarioari eusteko eginak.
d) Dirulaguntza inpropioak, hau da, dirua mugitzerik edo eskualdatzerik ez dakartenak eta zerga pizgarriak, salbuespenak edo hobariak, kreditu-eragiketetarako abalak, diruz lagundutako kredituak edo antzekoak direnak.
e) Premia handiko beharretarako zuzenean ematen diren laguntza edo sorospenak, gizarte arazoei aurre egiteko asmoz emanak.
II. KAPITULUA. ‑DIRULAGUNTZEN BANAKETA JARDUERAREN SUBJEKTUAK
7. artikulua. Pertsona onuradunak.
1. Interes orokorreko jarduera bat duten edo xede publiko bat lortzea sustatzen duten pertsona fisiko eta juridikoek, publiko nahiz pribatuek, eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak.
2. Zenbait pertsona edo erakundek ez dute Udal honek ematen dituen dirulaguntzen onuradun edo horietako erakunde laguntzaile izateko aukerarik izango, esaterako:
a) Epai irmo batek ezarritako zigorraz galdua badute dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra edo Zergei buruzko Lege Orokorra aplikaturik aukera hori galtzeko zehapena ezarri badiete.
b) Konkurtso deklarazioa eskatua badute edo deklarazioa eginak badira, edozein prozeduratan kaudimen gabe jo badituzte, esku-hartze judizialaren mendean badaude, edo Konkurtso Legearen arabera gaitasun gabetu badituzte, epaian finkatutako gaitasun gabetze epea amaitu ez denean.
c) Administrazioarekin eginiko edozein kontraturen iraungipen irmoa eragin badute, iraungipen honen arrazoiaren erruduntzat jo dituztelarik.
d)Pertsona fisikoa, administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen lege ordezkaritza dutenak sartuta badaude Nazioko Gobernuaren kideen eta Estatuko Administrazio Orokorraren Goi Karguen bateraezintasunei buruzko Legeak edo Herri Administrazioen zerbitzuko pertsonalaren bateraezintasunei buruzko Legeak jasotzen dituen balizkoetakoren batean; edo Hauteskunde Erregimen Orokorrari buruzko Lege Organikoak arautzen dituen hautapen-organoetako bat badira.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga betekizunetan edo Gizarte Segurantzarekikoetan egunean ez badaude.
f) Egoitza fiskala erregelamenduz paradisu fiskaltzat hartutako herri edo lurralde batean badute.
g) Zuritzeko epea dagoeneko amaitua delarik dirulaguntzak itzuli beharra dela eta sortutako ordaindu beharretan egunean ez badaude.
h) sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-edo zigor-zehapenik jaso izatea, eta diru-laguntza publikoak jasotzeko debeku horrekin zehatuta egon, Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea betez.
3. Pertsonak edo erakundeak onuradun edo erakunde laguntzaile izaera lortzeko galarazpen horietan sartuta ez daudela egiaztatzeko, ziurtagiri administratiboak eta, subsidiarioki, administrazio-agintari baten edo fede-emaile publiko baten aurrean eginiko erantzukizun deklarazio bat baliatu ahal izango dira.
4. Herri diruak jasotzen dituena hartuko da dirulaguntzaren onuraduntzat, hau da, dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera burutu behar duena, edo dirulaguntza ematea zilegi egin duen egoeran dagoena.
8. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.
1. Dirulaguntza emateko arrazoia den jarduera edo proiektua gauzatzea edo jarrera azaltzea.
2. Jarduera edo proiektua egin dela, edo aipatu jarrera azaldu dela egiaztatzea, laguntza emateko edo laguntza baliatzeko unean ezarritako betekizun eta baldintzak bete direla ziurtatzearekin batera.
3. Diruz lagundutako jarduera aurrera eramateko behar diren baimen guztiak lortzea, eta hauetan jasotako zehaztapen guztiak betetzea.
4. Erakunde emaileak egingo dituen ikuskapen lanen mendean geratzea, eta Kontuhartzailetzak finantza kontrolerako egingo dituenak ere onartzea, legediak aurreikusitako bestelakoekin batera. Era berean, erraztasunak eman beharko ditu kontrol eginkizunak burutzeko eta, batez ere, ikuskapen edo ikerketaren gai diren lokal eta dokumentaziorako sarrera librea erraztu beharko du, dokumentazioaren beraren kopia egiteko aukera emateaz batera.
5. Beste edozein administrazio, herri erakunde edo erakunde pribatutatik helburu berarekin diru laguntzarik edo bestelako laguntzarik jasoz gero, erakunde emaileari horren berri ematea.
6. Erakunde emaileari aditzera ematea dirulaguntza emateko unean kontuan hartu den edozein zertzelada objektibo zein subjektibotan izandako aldaketak.
7. Erakunde emailearen aurrean justifikatzea dirulaguntza emateko edo erabiltzeko unean izan den xedea bete dela, merkataritzako trafiko juridikoan edo administrazioaren aurrean eraginkorrak diren eta froga gisa balio duten fakturak eta bestelako dokumentuak aurkeztuz horretarako.
8. Zerga Administrazioarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko obligazio guztiak bete dituela frogatzea.
9. Jasotako fondoei eman erabilera justifikatzen duten dokumentuak gordetzea.
10. Jasotako diruak itzultzea, itzultze horretarako legezko arrazoiak tarteko direnean eta, bereziki, erakunde onuraduna desegin denean, emandako dirulaguntza erabat edo neurri batean erabili ez denean, edo emandako laguntza diruz lagundutako proiektu edo jardueran aurreikusitako xedeetarako bideratu ez denean.
11. Emakida dela-eta ezarritako betekizun partikularrak, arauak ezarritakoarekin edota, hala egokituz gero, deialdiaren oinarrietan finkatutakoarekin bat.
III. KAPITULUA. ‑DIRULAGUNTZEN EDUKIA, EMATEKO PROZEDURA, JUSTIFIKAZIOA ETA ITZULTZEA
1. SEKZIOA. ‑Lehiaketa bidez emandako dirulaguntzak
9. artikulua. Kontzeptua.
Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta lehiaketa bidezko erregimenaz izapidetuko da.
Prozedura honen bidez, dirulaguntzak emateko unean alderatu egiten dira aurkeztu diren eskariak, hain zuzen eskari horien arteko lehentasunak finkatzearren eta, hurrena, aplikazio irizpideen arabera balorazio handiena lortu dutenei esleitzearren, kreditu erabilgarriaren barnean deialdian finkatutako mugaz betiere.
Aparteko kasu gisa, berariazko oinarrietan aurreikusten denean, organo eskumendunak hainbanatu egingo du dirulaguntzetara bideratutako gehienezko kopurua.
10. artikulua. Dirulaguntzetarako oinarriak.
1. Organo eskumendunak dirulaguntzarako araua edo deialdia finkatu arte ezin izango da dirulaguntzak emateko prozedura abian jarri.
Udaleko Informazio Batzordeek, dirulaguntzetarako deialdi espezifikoak iragarri aurretik, dirulaguntzetarako plan estrategiko batean zehaztu egingo dituzte horien aplikazioaz lortu nahi diren helburu eta eraginak; hauekin batera, gauzatzeko behar diren epeak, aurreikusten diren kostuak eta finantzaketa iturriak. Dena den, hau guztia aurrekontuaren egonkortasun helburuak betetzearen mendean geratuko da.
2. Laguntzak eta dirulaguntzak arautzeko oinarriak eta kasuan kasuko deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Urretxuko Udalaren ediktu-taulan eta web orrian argitaratu beharko dira, eta, ahal den neurrian, udal hedabideetan ere aditzera emango dira.
3. Laguntzak edo dirulaguntzak arautzeko oinarriek, gutxienez, honako alderdi hauek jasoko dituzte:
a) Laguntza edo dirulaguntzaren xede, baldintza eta helburuaren definizio argi eta zehatza.
b) Behar adinako kreditu egokia badela dirulaguntza ematetik maila ekonomikoan ondorioztatzen diren betekizunei aurre egiteko, kasuan-kasuan aurreikusitako aurrekontuko kontusaila zehazturik.
c) Onuradunek, dirulaguntza lortzeko, bete beharko dituzten baldintzak, eskatzaileek aurkeztu beharko duten dokumentazioa, eta eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko modua.
d) Eduki ekonomikoko egintza administratiboen aurretiazko fiskalizazioa, legeetan aurreikusten diren baldintzetan.
e) Eskariak aurkezteko modua eta epea, eskariak bideratu beharko diren zentro edo bulegoarekin batera.
f) Eskariaren instrukziorako eta horri buruzko erabakia hartzeko eskumena duten organoen zehaztapena.
g) Dirulaguntza emateko modua eta irizpide objektiboak, horien guztien haztapen egokiarekin batera.
h) Laguntza edo dirulaguntzaren banakako kopurua, edo hau zehazteko irizpideak; eta, hala egokituz gero, horietara bideratutako gehienezko kopuru globala.
i) Dirulaguntza eman den helburua bete dela eta jasotako diruak horretara bideratu direla justifikatzeko onuradunak duen epea eta modua, justifikazio ondorioetarako baliagarria den dokumentazioarekin batera.
j) Beste laguntza, dirulaguntza, sarrera edo baliabide batzuk batera emateko posibilitatea eta, horrela egokituz gero, horiek jasotzearekiko bateraezintasuna. Bateragarriak direla onartuz gero, beharrezko muga edo irizpideak finkatu beharko dira, ezinbestean, gehiegizko finantzaketa saihesteko.
k) Dirulaguntza ordaintzeko moduak eta epeak.
l) Itzultzeko arrazoiak eta prozedura, laguntza edo dirulaguntza emateko unean ezarritako baldintzak betetzen ez diren kasuetarako, edo garatu den jardueraren kostuaren gainean gertatu den soberakinaren kasurako.
m) Onuradunaren obligazioa, espedientea izapidetzen ari den departamentuak, Udal Kontuhartzailetzak edo beste organo eskumendun batzuek eskatzen dioten informazio guztia emateko.
n) Interes publikoen aldeko beste garantia neurri oro, beharrezko iritziz gero; eta berariaz aurreikusten diren kasuetan, emandako dirulaguntzak berrikusteko aukera ere bai.
ñ) Prozedura ebazteko epea eta epe barruan ebazpenik ez emateak izan ditzakeen ondorioak, dirulaguntzetarako arauen aurka zein dirulaguntzen beren deialdien aurka bidezko diren helegiteekin batera; hauez gain, helegiteak aurkeztu behar zaizkion organo judiziala eta aurkezpenerako epeak. Dena den, egoki iritzitako beste edozein baliabide jorratu ahal izango dute interesatuek.
o) Jakinarazpenerako bidea, Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearen Legeak 59. artikuluan dioenaren arabera.
11. artikulua. Prozedura.
1. Eskumena duen organoak onartutako deialdi baten bidez abiatuko da dirulaguntzak emateko prozedura, dirulaguntzak arautzeko oinarriekin bat betiere.
2. Pertsona fisikoen kasuan, interesatuak izenpetu beharko du eskaria. Legez eratutako elkarte eta erakundeen kasuan, berriz, presidenteak edo ordezkaritza duen pertsonak izenpetu beharko du, betiere deialdietako bakoitzari aplika dakiokeen araudiak ezartzen duenarekin bat, eta eredu normalizatuaren arabera, hala egokituz gero.
Eskariarekin batera arauan edo deialdian zehazten diren dokumentuak eta informazioak aurkeztuko dira, non eta dokumentuak dagoeneko ez dauden Administrazio jardulearen organoren baten esku; izan ere, horrelakoetan eskatzaileak aukera izango du Herri Administrazio Guztien Zuzenbide Arauen eta Administrazio Jardunbidearen Legeak 35 f) artikuluan ezarritakora biltzeko.
Eskariarekin batera, gutxienez honako dokumentuok aurkeztu beharko dira:
a) Dirulaguntza eskatzen den jarduera edo proiektuaren deskripzioa, sarrerak eta gastuak argitzen dituen aurrekontu zehatzarekin, izan daitekeen onuradun kopuruarekin edo ekintzak hartuko duen eremuarekin batera.
b) Eskatzailearen IFK/IFZ/NA-ren fotokopia.
c) Estatutuen kopia, eskaria elkarte edo erakunde batek egiten duen kasuan.
d) Eskatzailea zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten egiaztagiriak.
e) Behar izanez gero, jarduera aurrera eramateko beharrezko baimenak, erakunde eskumendunek emanak.
3. Eskarian akatsen bat izanez gero, edo derrigorrezko agirietakoren bat aurkeztu gabe utziz gero, hamar eguneko epea izango da, bai akatsak konpondu bai agiriak aurkezteko, jakinarazpenetik kontatzen hasita; honetarako egingo den errekerimenduan, eskatzaileari aditzera emango zaio eskatutakoa bete ezean eskarian atzera egin duela ulertuko dela.
4. Prozeduraren instrukzioa deialdiaren oinarrietan edo dirulaguntzarako araudian ezarritakoarekin bat egingo da, eta ebazpena emateko behar diren datuak zehazteari, ezagutzeari eta egiaztatzeari buruz administrazioaren jardunbiderako arauetan xedatutakoaren ildotik betiere.
5. Erabaki proposamenak jaso egin beharko du zein den dirulaguntza ematea proposatzen den eskatzailea edo eskatzaile zerrenda, dirulaguntzaren zenbatekoarekin batera; era berean, proposamena egiteko jarraitutako ebaluazio eta balorazio irizpideak zehaztu beharko ditu.
6. Proiektuen balorazioa egiteko, balorazio batzordeak eratu ahal izango dira. Hauen osaketa eta eginkizunak kasuan kasuko deialdiaren arau espezifikoetan zehaztuko dira.
12. artikulua. Ebazpena.
1. Laguntza edo dirulaguntza emateko ebazpena behar bezala arrazoitu beharko da, eta ematen den ebazpenaren oinarriak ere frogatu egin beharko dira, deialdiaren araudi edo oinarrietan laguntza emateko jasotzen diren irizpide objektiboak izanik, betiere, horretarako kontuan.
2. Era berean, berariaz erasota utzi beharko dira dirulaguntzaren xedea, zein eskatzaileri edo eskatzaile zerrendari ematen zaion, kopurua, ordaintzeko modua eta epeak, justifikatzeko modua eta zein xedapenen babesean eman den dirulaguntza, beronen araudiak edo berau arautzeko oinarriek eskatutako bestelako baldintza eta betekizunekin batera. Edonola ere, beste eskariak ezetsi direla utzi beharko da berariaz erasota.
3. Ebazpenean, halaber, aditzera emango zaizkie interesatuei haren aurka jar ditzaketen helegiteak, hauek zein organo judizialen aurrean eta zein epetan aurkeztu behar diren ere argituz; dena den, egoki iritzitako beste edozein baliabide jorratu ahal izango dute interesatuek.
4. Dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du, inoiz, berak bakarrik edo beste dirulaguntza batzuekin batera, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua gainditu.
5. Prozedura erabakitzeko gehienezko epea bere araudiak ezartzen duena izango da, eta horrelakorik izan ezean, hiru hilabetekoa. Epe hori berariazko inolako ebazpenik gabe igaroz gero, eskaria ezetsi egin dela ulertuko da.
6. Dirulaguntza ematen edo ukatzen duen behin betiko erabakia eskatzaileei emango zaie aditzera.
2. SEKZIOA. ‑Zuzeneko emakida erregimeneko dirulaguntzak
13. artikulua. Kasuak.
Zuzenean eman ahal izango dira honako dirulaguntzak:
a) Urretxuko Udalaren Aurrekontu Orokorrean izenez aurreikusitakoak.
Alabaina, honek ez du esan nahi onuradun izan daitekeenak dirulaguntza jasotzeko eskubide finkaturik duenik, baizik eta bakar-bakarrik gehienezko dirulaguntza bat eskuratzeko igurikapen juridikoa; izan ere, dirulaguntzaren zenbatekoa eta baldintzak kasuan kasuko erabaki edo ebazpenaren bidez zehaztuko dira.
b) Emateko obligazioa edota dirulaguntzaren zenbatekoa Udal Administrazio honi lege mailako arau batek ezarritakoak; horrelakoetan, dagokien arauaren beraren aplikazioak eskatzen duen prozedura jarraituko da.
c) Aparteko kasu gisa, interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioa frogatzen den dirulaguntzak, edo deialdi publikoa egiteko zailtasuna dakarten baina behar bezala justifikatuta daudenak.
14. artikulua. Prozedura.
a) Aurrekontuan izenez aurreikusita dauden dirulaguntzak emateko, interesatuak eskaria aurkeztu beharko du, Ordenantza honen 11.2 artikuluan aipatutako agiriekin batera; ondoren, eta Udal Kontuhartzailetzak fiskalizazio lana egin eta gero, dirulaguntza emateko erabakia hartu beharko da, eta honetan zehaztuko dira, gutxienez, honako alderdiok:
— Dirulaguntzaren zenbatekoa eta baldintzak.
— Dirulaguntza eman zen xedea betetzeko zein jasotako fondoen erabilpenerako epea, hau guztia zuritzeko moduarekin batera.
— Jasotako kopuruak itzultzea eragin duten arrazoiak, horrelakorik gertatuz gero.
— Interes publikoen garantiara begira beharrezko iritzitako bestelako guztiak.
b) Udal Administrazio honi lege mailako arau batek ezartzen badio dirulaguntza bat emateko obligazioa edota dirulaguntzaren zenbatekoa, hau emateko unean jarraitu egingo da dagokion arauaren beraren aplikazioak eskatzen duen prozedura.
c) Interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioa frogatzen den dirulaguntzak, edo deialdi publikoa egiteko zailtasuna dakarten baina behar bezala justifikatuta dauden beste arrazoi batzuk frogatzen direnak, ofizioz edo interesatuak eskaturik eman ahal izango dira.
— Prozedura ofizioz abiatzen denean, kasuan kasuko departamentuaren proposamena beharko da, hain zuzen honetan behar bezala egiaztatzearren interes publiko, sozial, ekonomiko edo humanitarioko arrazoiak badirela, edota deialdi publikoa egiteko zailtasuna dakarten baina behar bezala justifikatuta dauden beste arrazoi batzuk bestela.
Emateko proposamen hori -honek osagarri izan beharko ditu, inolaz ere, dirulaguntzaren onuraduna den pertsona edo erakundea bere zerga betekizunetan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela frogatzen duten ziurtagiriak-, Udal Kontuhartzailetzari igorriko zaio, aurrez fiskaliza dezan, eta azkenik emateko erabakia hartuko da, honetan jasoz, betiere, a) atalean aipatutako guztiak.
— Prozedura interesatuak eskaturik abiatzen bada, eskariarekin batera aurkeztu beharko dira Ordenantza honen 11.2 artikuluan aipatutako dokumentu guztiak. Kasuan kasuko departamentuak eskaria aztertu ondoren, eta dirulaguntza emateko arrazoiak eta baldintzak betetzen direla egiaztaturik, dirulaguntza hori eman egingo da, aurreko atalean adierazitako prozedurarekin bat.
15. artikulua. Hitzarmenak.
1. Dirulaguntzak zuzenean emateko, hitzarmenak egin ahal izango dira. Hauek onartzeko erabakiak, dena den, egokitu egingo zaizkie Ordenantza honetan jasotako aurreikuspenei, publizitate eta konkurrentzia printzipioen aplikazioari dagokionean izan ezik.
Espedientea pertsona interesatuak eskaturik abiatuko da, eta eskariarekin batera honako agiriok aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzaileak eginiko deskripzioa, honetan argitzearren, hain zuzen, zergatik uste duen laguntzaren gai den jarduera hori osagarri edo lagungarri zaiola Udalari, honek bere helburuak betetzeko edo bere eskumenak garatzeko unean; eta, horrenbestez, jarduera horrek zergatik merezi duen lagapena edo dirulaguntza.
b) Bere jardueraren eta udalarekin duen harremanaren deskripzioa, baliabide ekonomikoak dakarzkioten jardueren edo zerbitzuen deskripzioa, eta bere jardueraren esparruan udalarekin lankidetzan aritzeko posibilitate zehatzen deskripzioa.
c) Pertsona eskatzaileak aurkezteari egoki iritzitako bestelako dokumentazio osagarria.
2. Eskaria jaso ondoren, kasuan kasuko departamentuak ebaluatu egingo du dirulaguntza ematea komeni eta bidezko ote den. Ebaluazioa aldeko izanez gero, pertsona eskatzailearen jarduerarekin loturarik duten udal unitate guztiei aditzera eman beharko zaie, hain zuzen azal dezaten zein lankidetzarekin egon daitezkeen interesatuta. Ondoren, pertsona edo erakunde eskatzailearekin finkatuko dira lankidetzarako esparru posibleak. Horrela, hitzarmenaren esparrua finkatuta geratuko da, udal lankidetza zehaztu egingo baita, eskatzaileak eman beharreko kontrapartida edo ordainarekin batera, horrelakorik izanez gero behintzat.
3. Hitzarmenaren kontrol eta jarraipenaren erantzukizuna proposamena egin duen departamentuarena izango da. Kontrol eta jarraipen horrek laguntza emateko unean kontuan hartutako alderdi guztiak hartu beharko ditu aintzat.
4. Eskari orok espediente bat abiatuko du, eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpen bat beharko da. Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eskaria onesteko edo ezesteko izan diren zergatiak argituz alegia. Eskaria aurkeztu denetik hiru hilabete igaroz gero inolako ebazpenik gabe, eskaria ezetsi egin diotela ulertuko du pertsona interesatuak.
3. SEKZIOA. Dirulaguntza justifikatzea
16. artikulua. Emandako dirulaguntzei eman erabileraren justifikazioa.
1. Dirulaguntzen onuradun diren pertsona edo erakundeek justifikatu egin beharko dute jasotako fondoak dirulaguntza emateko oinarritzat hartu zen xederako erabili direla.
Horretarako, deialdia arautzeko oinarrietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da eta, beti ere, egindako gastuak justifikatzen dituzten faktura eta dokumentuak.
Fakturen baldintzak, berriz, honakoak izango dira:
— Originalak edo behar bezala konpultsatutako kopiak izango dira.
— Hornitzailearen izena, IFK eta helbidea jaso behar dituzte.
— Bezeroaren izena, IFK eta helbidea jaso behar dituzte.
— BEZ xehekatua edo barnean sartua izan behar dute.
— Dirulaguntza eman den ekitaldi ekonomikoko data izan behar dute, dirulaguntza bi urterako edo urte anitzerako den kasuan izan ezik.
Aparteko kasu gisa, frogatzeko dokumentutzat onartuko dira kutxa erregistratzaileetako tiketak, baldin eta gutxienez honako datu hauek jasotzen badira bertan:
a) Zenbakia.
b) Igorlearen identifikazio fiskaleko zenbakia.
c) Aplikatutako zerga-tasa edo «BEZ barne» esapidea.
d) Guztirako kontraprestazioa.
2. Onuradunek aurkeztutako justifikazioa Udalaren Kontuhartzailetza Orokorrera bidaliko da, honek fiskalizatzeko eta banatutako diru publikoak dirulaguntzak xedetzat zituen jardueretan erabili direla egiaztatzeko.
4. SEKZIOA. Emandako dirulaguntza itzultzea
17. artikulua. Itzultzea.
1. Jasotako diru kopuruak itzuli egin beharko dira, eta berandutza interesak ere eskatuko dira, laguntza edo dirulaguntza ordaindu den unetik aurrera, hain zuzen ere, ondorengo zertzeladetakoren bat gertatzen denean:
a) Jasotako diruari eman erabilera justifikatu beharra ez denean ezarritako modu eta epeetan betetzen.
b) Dirulaguntza eskuratu denean horretarako baldintzak bete gabe.
c) Dirulaguntza emateko unean onuradunei ezarritako baldintzak betetzen ez direnean.
d) Laguntza edo dirulaguntzaren helburua betetzen ez denean.
e) Organo eskumendunek bete beharreko kontrol lanari ezetza eman edo lana bera eragozten denean.
f) Laguntza edo dirulaguntza bakoitzaren araudi espezifikoan aurreikusten diren bestelako kasuetan.
g) Emandako dirulaguntza edo laguntzen zenbatekoak -bakarka edota bestelako Administrazio Publikoen edo Erakunde publiko nahiz pribatu nazional edo nazioartekoen dirulaguntza edota bestelako laguntzen zenbatekoarekin batera- gainditzen badu onuradunak aurrera eraman duen jardueraren kostua, kostu honen gaineko soberakina itzuli egingo du onuradunak.
Bi Herri Administrazioren edo gehiagoren dirulaguntzak batera emanez gero, eta atal honek aipatzen duen soberakin hori gertatzen bada, dirua itzultzeko unean hainbanaketa egingo da, haiek emandako kopuruen arabera.
2. Dirulaguntza emateko garaian kontuan hartutako baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntzaren kopurua kentzea, aldatzea edo itzuli beharra eragin dezake, organo emaileak horretarako hartutako erabakiaren bidez.
3. Itzuli behar diren kopuruak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira, eta finkatutako epeen barruan itzultze hori gauzatzen ez bada, premiamenduzko prozedura aplikatu ahal izango da.
18. artikulua. Itzultze prozedura.
1. Dirulaguntza eman zuen organoak izango du banatutako kopurua oso-osorik edo zati batez itzultzea eskatzeko erabakia hartzeko eskumena.
2. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ofizioz has daiteke, kasuan kasuko Informazio Batzordeak eginiko proposamenaren bidez, ekimen propioaz edo salaketa bat dela eta beste organo batzuek egin eta arrazoitutako eskariaz.
3. Prozedura abiatu ondoren, erabakia hartzeko eskumena duen organo administratiboak ahalmena izango du izan daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko egoki iritzitako behin-behineko neurriak hartzeko, bai ofizioz bai alderdietako batek eskaturik, horretarako behar adina datu edo elementurik baldin badago.
4. Prozedura izapidetzen ari denean bermatu egingo da, kasu guztietan, interesatuak entzun diezaioten duen eskubidea.
5. Emandako dirulaguntza osoa edo zati bat behar ez bezala erabili dela egiaztatu ondoren, eskumena duen organoak erabaki bat hartuko du, arrazoiturik inolaz ere, berariaz jasoz itzultze obligazio hori sortzen duen arrazoia edo arrazoiak, itzuli behar den kopurua zehaztuz, berau Udalaren Diruzaintzari itzultzeko modu eta epearekin batera; ildo beretik, aurreikusitako epean dirua itzuli ezean premiamenduzko prozedura aplikatuko dela eman beharko dio aditzera interesatuari, erabaki horren aurka aurkez daitezkeen helegiteekin batera.
6. Premiamenduzko prozedura zergei edo Udalen Zuzenbide Publikoko beste sarrera batzuei buruzko Ordenantza fiskaletan ezarritakoaz arautuko da.
7. Itzultze prozedura arau hauste administratiboa izan daitezkeen gertakari batzuen ondorioz abiatu bada, eskumena duen organoari emango zaio aditzera, zigor espedientea abiaraztearren.
IV. KAPITULUA. ‑ARAU HAUSTE ETA ZIGOR ERREGIMENA
19. artikulua. Arau hauste eta zigorrak.
Arau hauste eta zigor erregimena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen VI. Idazpuruan ezarritakoa izango da.
V. KAPITULUA. BESTELAKO XEDAPENAK
20. artikulua. Interpretazio ahalmena.
Alkateak, aurretiaz txosten juridikoa izanik, ahalmena izango du Dirulaguntzetarako Ordenantza Orokor honetan jasotzen den araudia interpretatzeko, eta aplikatzeko unean sortzen diren zalantzak erabakitzeko.
21. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Udalak ediktu-taulan argitaratuko ditu emandako dirulaguntzak, deialdia eta egozten zaizkion aurrekontuko programa eta kreditua zehaztuz, onuradunarekin, emandako kopuruarekin eta dirulaguntzaren xedearekin batera.
22. artikulua. Publizitate instituzionala.
Edonola ere, onuradunek erasota utzi beharko dute dirulaguntzaren xede izan diren programa, ekintza, inbertsio edo jarduerek Urretxuko Udalaren laguntza dutela.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehen Xedapen Gehigarria.
Dirulaguntzak emateak ez du inolako kontratu harremanik sortaraziko, ez zibilik, merkataritzakorik, lan edo administrazio arlokorik, ez beste inolakorik ere, Urretxuko Udalaren eta dirulaguntzaren onuraduna den pertsona fisiko edo erakundearen artean.
Bigarren Xedapen Gehigarria.
Izaera orokorreko Ordenantza honetan aurreikusi gabeko guztirako, osagarri gisa aplikatuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeak eta estatu mailako udal erregimeneko araudiak ezarritakoa.
XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA
Ordenantza hau indarrean sartu aurretik emandako dirulaguntzak, eman ziren unean indarrean zegoen araudiaren mendean egongo dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Ordernantza honek Udalbatzak 1997ko apirilaren 7an onartutako «Dirulaguntzak nola eman arautuko duten Ordenantza» indargabetzen du.
AMAIERAKO XEDAPENA
Ordenantza Orokor hau, Udalbatzar Osoko Bilkurak behin betiko onartu ondoren, oso-osorik argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Udal Erregimenaren Oinarriak Arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legeak 70.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Eta aipatu lege-antolamenduaren 65.2 artikuluak aurreikusten duen hamabost eguneko epea igaro ondoren, indarrean sartuko da.
Urretxu, 2009ko ekainaren 11.—Iñaki Zabala Bengoetxea, Alkatea.
(1427) (7852)