Euskararen Kalitate ziurtagiria jaso du Urretxuko Udalak. Bikain Ziurtagiria ofiziala eta publikoa da, Eusko Jaurlaritzak ematen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen ditu.
Aspaldi hasi zen Udala euskararen presentzia eta eskaintza bermatzeko neurriak hartzen eta baliabideak eskaintzen; horiek guztiak modu integratuan kudeatzeko sistemak ezartzen eta emaitzak neurtzen. Baita emaitza horien jarraipena egiten ere.
Hurrengo pausua beraz, kanpo-neurketa zen; kontrastea, eta hala hasi zuen Urretxuko udalak ibilbide hau, BIKAIN ziurtagiriaren ibilbidea.
Egutegiari begira, iraupenari bakarrik so eginez gero, ibilbide laburra izan da, lanketa, kontzientziazio eta hausnarketari dagokionean berriz, proiektu garrantzitsua. Etxe barruko elkarlana indartu du eta euskararen zeharkakotasuna agerian utzi du, oso lan neketsua baina polita izan da.
Izan ere, helburua aurretik ezarrita bazuten ere, 2021eko irailean jarri ziren Kultura eta Hizkuntza Politika sailarekin harremanetan. Formakuntza saioak egin, urrian dokumentazioa prestatu eta azaroan ebaluatzaileen bisita, birtuala, izan zuten. Abenduan, saria: zilarrezko ziurtagiria eta txostena, hori baita benetako saria, hobetzen jarraitzen lagunduko digun ebaluazio txostena.