Bat egin Ekiola Urretxu energia kooperatibarekin eta asetu zure behar energetikoak % 100ean

Bat egin Ekiola Urretxu energia kooperatibarekin eta asetu zure behar energetikoak % 100ean

  • Izena emateko epea zabalik dago jada eta plazak mugatuak dira; plazen %80 familientzat gordeko da eta gainerako % 20a negozioentzat
  • Interesdunek www.ekiolaurretxu.eus webgunearen bidez edo Ezkioko eta Urretxuko Udaletako informazio bulegoetan eman dezakete izena

 

Ekiola Urretxu proiektua ezagutzera emateko informazio saioen ondotik,  kooperatibak bazkidetza prozesua zabaldu du. Izena emateko interesa duten familia edota negozioek informazioa jaso edo bazkidetza prozesua egiteko bi aukera dituzte: www.ekiolaurretxu.eus webgunearen bidez edota Ezkioko eta Urretxuko Udaletan kokatutako informazio-bulegoetara gerturatuz.

 

Informazio-bulegoen ordutegia

Herritarrak aurrez aurre artatzeko informazio bulegoak jarri dira Urretxun eta Ezkion, interesdunek bertan argitu ahal izango dituzte beren zalantza guztiak. Argi-faktura batekin joatea gomendatzen da, familia/negozio bakoitzaren egoera aztertu eta proposamen pertsonalizatua egin ahal izateko. Arreta-ordutegiak honakoak dira:

 

Urretxuko Udala:

  • Astelehen, asteazken eta ostiraletan: 9:00-13:00
  • Astelehen, asteazken eta ostegunetan: 14:00-18:00

Ezkioko Udala:

  • Astearteetan: 9:00-13:00/14: 00-18:00
  • Ostegunetan: 9:00-13:00

Informazio gehiago nahi izanez gero, herritarrek 747 445 749 telefonora idatzi edo deitu dezakete (deiak eta WhatsApp) edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikora ere jo ahal izango dute.

 

Informazioa eta izen-ematea web orriaren bidez

Jada herritarren eskura dagoen www.ekiolaurretxu.eus webgunearen bidez jaso ahal izango da informazioa. Halaber, webguneak izena emateko prozesua modu errazean egiteko aukera ere ematen du. Formularioa bete behar da energia-kontsumoari buruzko datuekin eta datu pertsonalekin; ondoren izena emandako pertsonak posta elektroniko bat jasoko du informazio guztiarekin (proposamen pertsonalizatua, kontratu tipoa, tranferentzia egiteko kontu-zenbakia...). Transferentzia helbide elektronikoan adierazitako kontu korrontera egin ondoren, kooperatibak eskaera bakoitza baloratu eta onartuko du, eta kooperatibak bazkidetza onartu ondoren, bazkideak behin betiko kontratua jasoko du.

 

Plaza mugatuak

Deskargan kokatuko den Ekiola Urretxuko planta fotovoltaikoak  700 bazkide hartzeko ahalmena izango du  eta 25 km-ko erradioan kokatuta dauden udalerriak hornitu ahal izango ditu. Horregatik, lehenengo fasean, proiektua Urretxu, Ezkio-Itsaso, Zumarraga eta Legazpiko familia eta negozioei zuzenduta dago. Aukera paregabea eta interesgarria, behar energetikoak energia berriztagarrien bidez % 100ean asetzeko, 1.500€ inguruko hasierako inbertsioarekin, kontsumo normal baten baliokidea den urteko bolumen energetikoa sortzeko (2.200 kWh/urte). Hasierako inbertsioa beste proiektu batzuetan baino txikiagoa da, Europako funtsetatik lortutako dirulaguntzei esker (1.159.643,87 euro).

Garrantzitsua da azpimarratzea plazak mugatuak direla eta, beraz, interesa izanez gero lehenbailehen bazkide egitea gomendatzen da. Izena emateko epea uztailaren erdialdera arte dago zabalik. 700 plaza horietatik % 80 familientzat gordeko dira eta gainerako  %20 negozioentzat. Hasierako muga 30.000 kWh/urteko kontsumoan ezarri da. Muga hori gainditzen duten familia edo negozioek izena eman ahal izango dute, baina itxaren zerrenda osatuko da horiekin. 

 

Urretxuko Udalaren Bikain zilarrezko ziurtagia
Urretxuko Udalaren Bikain urrezko ziurtagia

Urretxuko udala