Aurtengo Urrelur astea urriaren 27tik azaroaren 2ra luzatuko da, baina lehenengo ekintza larunbat honetan bertan izango da irteera mineralogiko paleontologikoarekin.
Urrelur Museoak kultur astearen 37. edizioa ospatuko du berriro ere natur zientzien mundua publikoari modu atsegin eta erakargarrian hurbildu asmoz.
Museoa 1987an sortu zen gai honen inguruko ezagutza zabaltzeko helburuarekin. Gauza askoren berri ematen digute mineral eta fosilek; Lurra osatzen duten materiaz, elementu kimikoez eta munduaren bilakaeraz mintzatzen zaizkigu, besteak beste.
Lurraren altxorrak. Naturak batzuetan ezkutatzen diguna eta beste batzuetan modu ikusgarrian erakusten diguna. Mineralak, fosilak, harriak, ezinezko forma geologikoak...