Urretxuko Udalak gaur bidali du Trekutzeko parke eolikoaren proiektuari egindako alegazioak biltzen dituen dokumentua. 90 orrialdeko dokumentu hori azken asteetan egin da eta gaur bertan helarazi dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioaren Lurralde Ordezkaritzari.
Dokumentu hori arloan aditua den INGEOTYC, S.L. enpresaren aholkularitzarekin egin da, eta mota askotako hamahiru alegazio jasotzen ditu.
Lehenengoek parke eolikoa garatzeko administrazio-baimenaren eskaeran egin ahal izan diren akatsak aipatzen dituzte, hala nola aurkeztutako dokumentazioan egindako akatsak, izapidetzeko ezinbestekoak diren zenbait txosten eta neurketa falta izatea, legeak adierazten duenaren arabera, hala nola kokalekuko neurketak eta/edo korrelazio-metodoak. Gainera, adierazi da parkearen ingurumen-inpaktuaren azterlanak hainbat gabezia dituela, eta gabezia horiek alegazioen txostenean zehazten dira.
Aipatutako neurketak ez daudenez, ez dakigu parkea jarri nahi den lekuan nahikoa baliabide eoliko dagoen, aurrez ez baita kokalekuan bertan haizearen abiadura-neurketak erregistratzen dituen dorre meteorologikorik instalatu, eta ez baita ematen baliabide eolikoa teknikoki justifikatzen duen datu historikorik, eredu fidagarririk edo korrelazio-metodorik.
Urretxuko Udalak uste du, gainera, Trekutzen proposatutako parke eolikoa ez dela egokitzen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2050erako Klima Aldaketaren Aurka Borrokatzeko Gipuzkoako Estrategia - Gipuzkoa Klima 2050 garatzeko egindako Gipuzkoako 2050eko Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiara, estrategia horrek autokontsumorako 1 MW-tik beherako potentzia duten minorratzak baino ez dituelako aurreikusten, eta esplizituki baztertzen duelako eskala handiko elektrizitatea ekoizteko parke makroeolikoak instalatzea banaketa orokorrerako. Trekutzen kasuan, 10MWri buruz ari gara.
Ez hori bakarrik, parke eolikoaren instalazioek udalaz gaindiko irismena baitute, eta, beraz, alegazioen dokumentuan adierazten den bezala, uste dugu baimena Lurralde Plangintza Sektorialaren eremuan izapidetu beharko litzatekeela.
TREKUTZ ETA BURUZAI
Alegazioen dokumentuak jasotzen duenez, Trekutz (Antzuola-Urretxu) eta Buruzai (Ezkio-Azpeitia-Azkoitia-Zumarraga) parke eolikoen administrazio-baimenaren eskaerak proiektu baten zatiketa artifizialtzat har daitezke, eta hori lege-iruzurra izan daiteke. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi bezala, aurkeztutako alegazioek azpimarratzen dute hobe dela bi parkeen baterako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa egitea.
EREMU BABESTUA
Alegazioen dokumentuak jasotzen du, halaber, Trekutz parke eolikoaren proiekturako proposatutako kokalekua inguruko eremu zabaletatik ikuspen handia duen mendilerro batean dagoela, eta paisaiaren kalitatea nabarmen galtzen dela.
Gainera, alegazioek adierazten dute leku horretan bertan Beasain-Zumarragako Lurralde Plan Partzialean Aisialdirako eta Jolaserako Eremu bat aurreikusten dela, eta Arrasate-Bergarako Lurralde Plan Partzialean ere eremu hori proposatzen dela Irukurutzeta-Sorus-Itxumendi-Gorla-Trekutz natura-intereseko eremua handitzeko, natura- eta paisaia-balio bereziak dituelako, kontserbatu eta babestu beharrekoak.
Alegazioek adierazten dute, halaber, parkearen eraikuntzak eremu horretako hegazti-fauna eta kiropteroen (saguzarrak) espezie katalogatuei eragingo liekeela, baita Iturrondoko hornidura publikoko hartuneei, Santa Barbara-Ipeñarrietako hiri-inguruko parkeari eta 10 km-ko erradioan dauden paisaia katalogatu askori ere.