- Azaroaren 23tik 26ra Gernikako Arbola ereserkiaren inguruan hitzaldia, kantaldia eta jaia antolatu dira.
- Igandeko ekitaldiak Euskal Herri osoko kultur eta gizarte eragileak batu zituen
Jose Mari Iparragirre urretxuarrak konposaturiko “Gernikako Arbola” ereserkiaren 170. urteurrena bete den honetan, Urretxuko Udalak efemeride garrantzitsu hau ospatzeko ekimenarekin bat egin du.
Azaroaren 23an, 18:30ean, Iñaki Lopez de Luzuriaga filologo eta idazleak eta Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia katedradunak “Gernikako Arbola” euskal ereserkia hitzaldia eskaini zuten Udaletxeko Areto Nagusian. Bertan, Iparragirrek konposaturiko abestia Euskal Herria osoaren ereserki ofizial gisa sustatzeko arrazoiak eman zituzten, gaur egun 7 lurraldeek osatzen duten administrazio-eremuetan indarrean dauden ereserki ofizialak errespetatuz.
Hurrengo egunean, azaroak 24, 22:00etan, Gontzal Mendibilek eta Goiargi abesbatzak kantaldia eman zuten Labeaga aretoan. Mendibilek Iparragirreren rola hartuko zuen eta egun Euskal Herriaren eta euskararen alde egiten ari diren lanari buruzko iritzia emango zuen. Iparragirreren bizitzan garrantzitsuak izan ziren Anjelak eta Manuelak ere abestu zituen.
Ospakizun jendetsuena “Gernikako Arbola, euskal ereserkiaren lehen batzarra” azaroaren 26an, goizeko 11.00etan, ospatu zen. Pagoeta Gune Soziokulturalean 600 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten kantari, kultur eragile, inguruko herrietako Alkate eta zinegotziekin batera. Ekitaldian Jon Luqui, Urretxuko Alkateak, ongi etorria eman zien bertaratuko guztiei “inoiz baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa da batzen gaituena gogoratzea; ideologia, pentsamolde eta jatorri guztietako euskaldunak batzen gaituena. Batura hori islatzen duen kanturik baldin badago, hori da Jose Mari Iparragirreren Gernikako Arbola” eta gehitu zuen “ekitaldi honekin, 2020an pandemiaren ondorioz zapuzturik geratu zen Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurren ospakizunari keinu bat egin nahi izan diogu.” Joseba Agirreazkuenaga katedradunak testuinguru historikoa azaldu zuen eta Peio Ramírezek eta Andoni Salamerok poesiaz eta musikaz jantzi zuten aretoa. Jarraian, manifestua 3 hizkuntzatan irakurri zuten, frantsesez, euskaraz eta gazteleraz, eta amaitzeko kantariek Gernikako Arbola eta beste hainbat doinu abestu zituzten.
Batzarra amaituta, 12:30ean, Pagoetatik Iparragirre Plazara kalejiran joan ziren dantza taldea, erraldoiak, musika banda, dultzaineroak eta kantu taldeak, giro ezin hobean; behin han, Udaletxeko balkoitik batzordeak adierazpen publikoa burutu zuen. Iparragirre plaza jendez gainezka, eguraldia lagun, aurreskua dantzatu zuten eta denen artean “Gernikako Arbola” ereserkia abestu.
Festak herriko kaleetan barrena jarraitu zuen kantu-jiran, 14:30ak arte, bazkaltzeko ordua, partaide guztiak Ederrena pilotalekura gerturatuz. Hau amaituta, bazkalosteko kantu saioa eta kalez kaleko kantujirarekin jarraitu zuten.
Hona hemen bideoa