Zurrumurrurik gabeko Urretxu irudikatuko dute DBH4ko ikasleek hurrengo asteetan.
Urtero bezala, Urretxuko Udalak, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren agendaren barne, zurrumurruen aurkako ekintza eta formakuntzak antolatzen ditu. Aurten, Lamine Thior-en bakarrizketaz harago, “Gazteak eta Teknologia berriak” binomioa landu dira zurrumurruen desegitearen bidean.
Horretarako, urte osoan zehar, Aniztasun Mahaiko talde eragile batean bilduta, estrategia, metodologia eta edukiak landu dira. Orain, erronka garatzeko momentua iritsi da.
Egitasmoaren helburu nagusia gazteen arteko arrazismoa eta xenofobia gutxitzea da, haiek erabiltzen dituzten tresna eta hizkuntzaz baliatuz. Aurreiritziak eraiki eta diskriminazioz kutsatutako jarrerak sortzen dituzten zurrumurruak deseginez, bizikidetzaren norabidean aurrerapausoak emango ditugu.
Iparragirre Institutua, Urretxu Zumarraga Ikastola, La Salle Ikastetxea eta Alanbike Zentroko DBH4ko ikasleek erronka bera partekatuko dute: zurrumurru arrazista eta xenofoboak desegiteko “reel” edo bideo motzak sortuko dituzte taldeka. Prozesu hau 3 etapa ezberdinetan banatuko da: errealitatea aztertu eta hausnarketa egin, estereotipo eta aurreiritzien funtzionamendua ezagutu, eta azkenik, aipatutako bideo motzak sortu.
Talde eragile honetan Iparragirre Institutuak, Urretxu Zumarraga Ikastolak, La Salle Ikastetxeak, Alanbike Etxeak, Gazte Bidean, eta Urretxuko Udaleko Gazteria eta Aniztasun eta Bizikidetza sailak parte hartu dute.
Eta amaitzeko, prozesu honi koroa jartzeko, Ibane Cerezo diseinatzaileak aniztasuna eta bizikidetza islatzen duen marrazki bat sortu du eta gazteei marrazki hau duen motxila bana emango zaie.