1991ko maiatzaren 5ean Urretxuk eta Schwarzenbruck herri alemaniarrak bi herriak batzen dituen senidetze-akta sinatu zuten, beti ere elkarrekin lan egiteko bidetik eta Europa batua eta irekia lortzeko asmoz, elkarrekin komunikatutako nazioen Europa, elkar aberastuko duena.
Irekitzeko filosofia horrek distantziak eta hizkuntza ezberdintasunak sortarazten dituzten zailtasunak gainditzeko bide eman du. Alemaniako lurretan finkatutako urretxuar baten bitartez herri hauen harremanetarako oinarriak erroturik, herri biak beren kulturak eta bizipenak partekatzen ari dira egunez egun, senidetze hau geroz eta gehiago sendotuz.
Ekitaldi horretan herri bakoitzeko alkateak bere hitzaldia egin zuen eta ondoren Schwarzenbruck eta Urretxuko herrien arteko senidetze akta sinatu zuten.
Euskal Herriko produktuen mahai bat jarri zen ospakizun ekitaldian, eta horrez gain Euskal Herriko eta Urretxuko argazkiak eta katalogoak zeuden ikusgai; herri alemaniarreko bizilagunek oso harrera bikaina egin zioten guztiari.
Ekitaldi horren helburu nagusia bi herrion arteko esperientziak elkarrekin trukatzen jarraitzea da, ondorengo hauek ardatz hartuta:
KULTURA: Bi herriotako kultur taldeen arteko trukaketa.
KIROLA: Kirol taldeen arteko trukaketak eta erakustaldiak.
FORMAZIOA: Bi herriotan zerrenda batzuk irekitzea, familietan trukaketa eginez hizkuntzak ikasi ahal izateko. Udalek bekak ahalbideratzea irakaskuntza tekniko-profesionaletako ikasleei, enpresetan praktikak egin ahal izan ditzaten.
TRUKAKETA INDUSTRIALAK: Inguru biotako enpresen arteko partaidetzarako eta harremanetarako bideak irekitzea. Bi urtetik behin Schwarzenbruck-en egiten den industri-ferian parte hartzeko aukera eskaintzea.
BIDAIAK: Administrazio bietatik bi herrion arteko trukaketa bidaiak, turistikoak, ikasbidaiak, e.a…. bultzatzea.
Agiria sinatu zenetik ia 8 urte igaro diren honetan, Urretxuko Udalak balorazio positiboa egiten du. KULTURA, FORMAZIOA eta BIDAIAK izan dira gehien landu diren arloak, izan ere etengabeko jarduna eta emaitza onak eman baitira arlo horien inguruan.
Datu bat aipatzeagatik, esan dezagun 15 gazte baino gehiago izan direla herri alemaniar horretan "Au-pairs" moduan joandakoak; kultura ezberdinetako bizilagunen artean lotura sendoak ezarri ditu ekimen horrek. Era berean, hemengo kultur taldeek gure folklorea eta kultura ezagutarazi dituzte Alemaniako lurretan. Joxe Mari Iparragirre Institutuko gazteei harrera ezin hobea egin zieten 1993an egindako ikasbidaian, eta aldi berean, gazte alemaniarrak behin baino gehiagotan izan dira gure herrian bisitan.
Bestalde, ezin dugu ahaztu 1992an, Isabeleneko etxea erre zenean, Schwarzenbruck-eko Udalak kaltetuei eskaini zien dirulaguntza oparoa.
Etorkizunari begira hasiera batean ezarritako bidea garatzen eta lantzen jarraitzeko asmoa dago, eta aldi berean, senidetzearen ikuspegia zabaltzea.
Lehen ekinaldi batean udal-ordezkarien arteko topaketak eta lehen harremanak eginda, folklore eta jai agerraldiak eginda, beste etapa bati heldu beharko geniokeelakoan gaude; gure gizarteko esparru berriak hartuko dituen ekinaldi zabalago batean sartu beharra, alegia.